Atera berri da Tubacexeko kaleratzeen aurkako epaiketaren sententzia. Zuzendaritzak ezarritako Enplegua Erregulatzeko Espedienteak (TTIkoa zein Aceralavakoa) baliogabetu ditu EAEko auzitegi nagusiak.
"Bi sententziak aztertuko ditugu balorazio bat egiteko", adierazi dio Edu Iberniak Aiaraldea Komunikabideari. Enpresa Batzordeko presidenteak jakinarazi du afiliatuen batzarrak egingo dituztela datozen egunetan, epaiak baloratu eta aurrera begira eman beharreko pausoak erabakitzeko.
Sententzia aste honetan ateratzea aurreikusten zuten langileek, duela bi aste izan baitziren epaiketak. Grebalariak Laudiotik Bilbora joan ziren oinez, epaitegiaren aurrean elkarreraratzea egiteko:
Garbiñe Biurrun buru duen aretoa arduratu zen TTIko Enplegua Erregulatzeko Espedientea aztertzeaz. Aceralavako auzia, aldiz, Juan Carlos Iturriren aretoak hartu zuen bere gain.
Bi epaile horien aurrekariak ikusita, posiblea zen gaur ateratako sententzia aurreikustea. Izan ere, biak pozisionatu dira lehenago antzeko Enplegua Erregulatzeko Espedienteen aurka. Juan Carlos Iturriren aretoak, adibidez, PCBko kaleratzeak baliogatu zituen maiatzean.
Helegitea
Aurreikusi zitekeen moduan, zuzendaritzak jakinarazi du helegitea jarriko du Espainiako Auzitegi Gorenean. Gauzak hala, prozesu judiziala datorren urtera arte luzatu daiteke.
Epaileen ebazpena kritikatu dute multinazionaleko buruek. Euren ustez, "ulertezina" da kontuan ez hartzea Oil & Gas sektoreak "negozio-ereduaren aldaketa garrantzitsu bati" aurre egin behar diola, "trantsizio energetikoak eta deskarbonizazioak eragindakoa. Gauzak hala, Tubacexeko egoera estrukturala dela esan du berriz zuzendaritzak, "eta ez COVID-19ak eragindakoa".
Harrera beroa
Tubacexeko grebalariek piketeetan zeudela izan dute albistearen berri, eta pozez hartu dute. Laudioko lantegiaren sarreran, adibidez, greba hasieran zuhaitzetatik eskegita zeramatzaten panpinak erre dituzte:
Sindikatuen balorazioa
LABek oharra plazaratu du sententziaren gaineko balorazioa egiteko. Epaia onartu eta langileak berronartzea eskatu dio sindikatuak Tubacexi, eta gaur egungo zuzendaritzaren eta Jesus Esmoris kontseilariaren dimisioa eskatu du, “solaskide baliodunak” izateari utzi diotela argudiatuta.
Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu zaio sindikatu abertzalea. Langileak fabrikara “behin betiko” bueltatzea eskatu dio erakunde publikoari, eta beste aldarri bat ere jarri du mahai gainean: "ez diezaiela laguntza publikorako zentimorik eman irabaziak pilatzen eta, aldi berean, enplegua suntsitzen eta lan baldintzak prekarizatzen aritzen diren enpresei".
ELAk, bere aldetik, prentsaurrekoa egingo du bihar goizean Bilbon. Sindikatuak Tubacexeko delegatu eta afiliatuak zoriondu ditu orain arte eginiko lanagatik, eta borrokan jarraitzeko deia luzatu du, “enpresak kaleratuen itzulera berme guztiekin egin arte”.
Beharginek 146 egun bete dituzte gaur greba mugagabean. Otsailean ekin zioten lanuzteari, zuzendaritzak 150 langile kaleratzeko asmoa adierazi zuenean.
Ordutik hona milaka herritar mobilizatu dira Aiaraldean zein eskualdetik kanpo eginiko manifestazio eta bestelako ekimenetan.
Gaur ateratako epaia mugarri garrantzitsua izango da enpleguaren aldeko borroka horretan.