Oharra plazaratu du LABek Tubacexeko langileen borrokaren gaur egungo egoeraren balorazioa egiteko. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiak "oso garaipen garrantzitsua" direla uste dute sindikatuko kideek, baina gaineratu dute gatazka ez dela amaitu: "Tubacexeko zuzendaritzak publikoki iragarri du helegitea jarriko duela eta horrek esan nahi du aurrera jarraitzen duela 129 pertsona kaleratzeko asmoarekin. Madrilgo auzitegi batean bilatuko du hemen lortu ez duena".
Gauzak hala, borrokan jarraitzeko deia luzatu du LABek, "zuzendaritzak bere asmoak bertan behera utzi arte, kaleratuak berriz onartu arte eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiei jarritako errekurtsoa bertan behera utzi arte".
“Klase kontzientziak irabazi du”
Orain arte eginiko lana goraipatu du du sindikatuak, “indibidualismoaren gainetik klase-kontzientziak irabazi duela” nabarmenduta. “Aiaraldeko eskualde osoa lagun izan dugu gure borrokan eta bere egin du etorkizun duina eta lan eta bizi baldintza duinak dituen eskualde baten defentsan. Borrokan ari diren enpresen artean aliantzak sortu ditugu; izan ere, patronalak beste erremediorik uzten ez digunean, argi utzi dugu langileok borrokarako prest gaudela eta borroka horrek muga guztiak gainditu dituela. Duintasunak zekenkeriari irabazi dio”.
Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzari eskaera bat helarazi diote: “kaleratutako langile guztiak lanera itzuliko direla bermatzea”. Horri lotuta, hainbat galdera helarazi dizkiote Arantza Tapiari: “Onartuko al du, beste alde batera begira, Madrilgo auzitegi batek 129 langileren eta haien familien etorkizuna erabakitzea? Onartuko al du Madrilen auzitegi batek eskualde baten etorkizuna erabakitzea? Hau ez al da eskumenen inbasioa?”.