Pobrezia adierazle ia guztiek egin dute gora Aiaraldeko zonalde arabarrean. Hori ondorioztatzen du Pobreziari eta Gizarte Desparekotasunei buruzko 2020ko Inkestak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak berriki argitaratu duena.
Inkesta horren emaitzen arabera, Aiarako Kuadrillako udalerrietan (Udalerri horiek soilik sartzen ditu Eusko Jaurlaritzak “Aiara” terminoaren barruan) bizi diren biztanleen %7,4ak pairatzen du mantentze-pobrezia, 2018an %4,2ak soilik pairatzen zuen bitartean. Benetako pobrezia %2,2tik %5,1ra igo da bi urtetan, eta %4,5tik %6,8ra, aldiz, benetako ongizaterik eza.
Metatze-pobrezia da aldatu ez den adierazle bakarra: zeroan zegoen 2018an eta berdin mantendu da 2020ko inkesten ondorioetan.
Hala ere, kontuan hartu behar da Aiaraldeko pobrezia maila, oro har, EAEko bataz bestekoaren azpitik dagoela. Hiriguneak (Gasteiz eta Bilbo, batez ere) dira pobrezia maila altuenak dituztenak.
Gorabehera ugari azken hamarkadan
Pobrezia adierazleek aldaketa handiak izan dituzte azken hamarkadan eskualdean. 2016an izan zuten gorakada nabarmenena, ia-ia hirietako mailara iristeraino. 2018an, aldiz, beherakada handia egon zen, 2008ko datuetara (krisi ekonomikoa baino lehenagokoetara) jaitsita. Baina azken bi urteetan okerrerantz egin du berriz egoerak:
Inpaktu handiagoa gune industrializatuetan
Durangaldea, Tolosa-Goierri eta Debabarrena eskualdeetan ere eman dira igoerak 2018tik 2020ra bitartean. Txostenaren arabera, 2020an pobreziak inpaktu handiagoa izan du “zerbitzuz besteko sektoreetan pisu erlatibo handiena” duten eskualdeetan. Beste modu batera esanda, pobrezia gehiago igo egin da zonalde industrializatuetan. Gune “urbanizatu eta ez hain industrializatuek”, aldiz, “egonkortasun handiagoa” erakutsi dute epe luzera begira.
Gauzak hala, Aiaraldea bezalako eskualdeek, “susperraldietan hobeto erantzuten badute ere, ahulezia konparatibo handia erakusten dute produkzio-krisialdietan, dela nazioarteko industria-lehiaren, finantza-krisiaren edo COVID-19aren pandemiarekin lotutako geldialdi ekonomikoaren ondorioz”.
Datuak biltzeko inkestak 2020ko ekainetik irailera egin ziren. Hau da, pandemiaren erdian. EAEko 4.350 etxebizitzetako kideek bete zituzten galdetegiak.