Zein da zure ardura Aiaraldean?
Otsailetik LABeko abokatua naiz eskualdean. Aurretik hiru urtez egon naiz lanean Bilbon, LABen ere.
Pasa den astean egin ziren publiko Tubacex enpresako epaiak. Zein da zure balorazioa?
Printzipioz, balorazioa positiboa da. Kaleratzeak indargabetu dira bai Biurrun zein Iturriren aretoetan eta gure kezka da enpresak helegitea jarriko duela.
Edonola ere, lehenengo balorazioa positiboa da. Kaleratzeen indargabetzea zen gure helburua eta gure lan guztia ildo horretan zentratu dugu.
"Grebaren eragina nabaritu da sententzietan"
Hala ere, gure afiliatuak eta grebalari guztiak zoriondu nahi ditugu, euren grebaren, ahaleginaren eta sakrifizioaren ondorioz lortu baitira sententziak, oro har. Uste dut eragina izan duela grebak epaieleengan.
Nola baloratzen duzu enpresaren jokaera?
Tamalez, espero genuena egin dute. ITPk ireki zuen bide hori eta espero genuen langileak ez onartzea berriro euren lanpostuetan, bakarrik soldata ordaintzea eta gizarte segurantzan alta ematea.
Legea aztertuta, egia da aukera hori ematen diotela enpresari. Dena den, kontrol zorrotza egingo dugu eta horren gainean egongo gara.
Ez dakit gertatuko den, baina Tubacexek kontratazioak egiten baditu edo azpikontratak baliatzen baditu, langileak etxean dauden bitartean, epaitegira jotzea aztertuko dugu.
Aukera dago langileak lantegira sartzera behartzeko enpresa legalki?
Zaila da, artikulua dagoelako hori babesten duena. Hala ere, langileen estatutuak lan egiteko eskubidea bermatzen du. Hortaz, ikusten badugu hori urratzen dela, Lan Ikuskaritzan salaketa egingo dugu.
Zuretzat zer da garrantzitsuena bi epaietan?
Bietan geratu dira argi eta garbi bi gauza. Bat, enpresak hasieratik plazaratutako txosten teknikoa fikzioan oinarritu zuela. Arazo estrukturala aipatzen zuen 2014tik aurrera.
Bigarren fikzioa izan da COVID-19aren garaia hartu zuela etorkizuneko aurreikuspenak egiteko. Epaileek adierazi dute aurreikuspen horiek ez direla fidagarriak.
"Fikzioan oinarritu zen Tubacex kaleratzeak justifikatzeko eta 9/2020 Errege Dekretuari ihes egiteko"
Dena zentratu dute COVID-19an, 2017an, 2018an eta 2019an enpresak ez zuen inongo arazo ekonomikorik. Guztiz kontrakoa, behin-behineko kontratuak zeuden, adibidez. Agerian geratu da ez dagoela arazo estrukturalik.
Hortaz, argi geratu da fikzio hori erabili zuela Tubacexek ihes egiteko 9/2020 Errege Dekretuari. Dekretuaren 2. artikuluak esaten du kaleratzeak ez direla justifikatuta egongo indarrezko arrazoiengatik, ezta kausa tekniko, produktibo, ekonomiko edo antolakuntzakoak COVID-19ari lotuta badaude.
Horrek esan nahi du pandemia bukatzen denean erraztasun osoak izango dituela enpresak berriro kaleratzeak egiteko?
Ikusi beharko da. Lan erreforma prestatzen ari dira urte amaierarako, Europar Batasunak eskatuta, baina, printzipioz, lehenik eta behin, ikusi beharko da Auzitegi Gorenak zer esaten duen kaleratzeen inguruan. Bai kasu honetan zein Aernnova eta ITPren auzietan ere.
EAEko Auzitegi Nagusiak egindako interpretazioa agian ez du babesten Gorenak. Horren arabera ikusiko dugu nola baldintzatzen diren hurrengo kaleratzeak. Dena oso berria da, epaitzen diren lehen kaleratzeak 6 hilabete eskas dituzte.
Horrek baldintzatuko du dena. Gaur egun kaleratzea librea da. Kaleratzea bidegabe jotzen denean, enpresak ordaintzen du kalte-ordaina eta hor amaitzen da dena.
Hortaz, pandemia bukatzen bada, joko arauak ere aldatuko dira eta ez bada amaitzen, ez dakigu non jarriko dute koiunturalaren eta estrukturalaren arteko muga.
Egungo kaleratze libreak Mariano Rajoyk egindako lan erreformaren ondorio dira. Zer espero duzue prestatzen ari diren lan erreforma berriari dagokionez?
Ni ez naiz oso baikorra. Ez dugu ezta zirriborroa ikusi, baina ez dut aldaketa handirik espero. Europar Batasunak utzitako dirutza itzuli beharko da eta erreforma hau Europar Batasunak berak eskatu du.
"Ez naiz oso baikorra prestatzen ari diren lan erreformari dagokionez, Europar Batasunak eskatu baitu"
Ondorioz, uste dut dirua itzultzeko lan erreforma dela. Ez da guk espero dugun bezain positiboa izango. Ziurrenik, hobekuntza txikiak egongo dira, baina langileentzat benetan kaltegarriak diren puntuetan ez dut uste sartuko direnik. Besteak beste, ez dut uste kaleratzeen esparrua ukituko dutenIK.
Lan gatazka honen harira uste duzu zerbait azaldu behar dela?
Bai. Atzoko manifestazioan jende askok aipatzen zuen berriro onartuak izango diren langileek soldatak itzuli beharko dizkiotela enpresari, baina hori ez da zuzena. Diru hori ez da itzuliko eta langileen eskuetan geratuko da, nahiz eta Gorenak sententzia aldatu etorkizunean.
Bestalde, esan bezala, grebalariak zoriondu nahi ditut, euren borrokari esker lortu baitira aldeko sententziak.