9,2 milioi euro baino gehiago jaso ditu Tubacex taldeak Eusko Jaurlaritzaren eskutik 2010tik hona, diru laguntza publikoen bidez. Hori ondorioztatu daiteke gobernuak berak (Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk eskatuta) emandako datuak aztertuta.
Informazio horien arabera, goranzko joera sumatu daiteke multinazionalak jaso duen diru publikoan. Kopuru handiena 2019. urtean jaso zuen, 2,4 milioi euro guztira. Aurten gutxiago jaso du, baina kontuan hartu behar da urtea ez dela oraindik amaitu:
Diru gehiena, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailetik
Hazitek programaren bidez jaso du Tubacexek diru gehiena, 5 milioi baino gehiago azken hamarkadan. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak kudeatzen du programa hori, Spri taldearen bidez. Erakunde horrek bideratzen zituen baita Etorgai, Elkartek eta Gaitek programak (2015. urtera arte egon ziren indarrean), eta horien bidez jaso du Tubacexek iaz diru guztia:
Beste modu batzuetan ere lortu ditu laguntzak Tubacexek, asko diru gutxiago jasota, hori bai. Deigarria da 2010ean Emakunderen diru-laguntza bat jaso zuela (4.225 euro guztira), “emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnosia eta berdintasun-plana egiteko”. 27.613 euro jaso ditu baita energia aurrezteko ekintzak egiteko eta 17.817,92 euro, Enplegua Erregulatzeko Espedienteengatik eragindako pertsonak kontratatzeko.
Enpresa-sarea
Tubacex taldeak bere enpresa sarea baliatu du diru-laguntzak hainbat bidetik jasotzeko. Hauek dira laguntzak jaso dituzten enpresak:
- Tubacex Tubos Inoxidables S.A. (TTI)
- Aceria de Alava S.A. (Aceralava)
- Kera Coat S.L.
- Tubacex Innovacción A.I.E.
- Tubacex S.A.
- Tubacex Servicios de Gestión S.L.U.
- Tubacex Upstream Technologies S.A.
- Tubacoat S.L.
Enpresa-sare hori baliatuta, hainbat diru eskuratu ahal izan du laguntza programa berdinetan, eta kasu batzuetan proiektu mota beragatik. 2017ko Hazitek programaren diru-laguntza deialdian, adibidez, Tubacex S.A., Tubacex Upstream Technologies S.A., Aceria de Alava S.A. eta Tubacex Tubos Inoxidables S.A. enpresek jaso zuten dirua, eta laurek “Solidex” izeneko proiektuaren bidez. 1,9 milioi euro lortu zituzten guztira lauren artean. Guztira, Eusko Jaurlaritzak 82,8 milioi euro banatu zituen deialdi horretan.
Diru-laguntzen xedea
Enpresei bideratutako diru-laguntzak dira Spri taldeak banatzen dituenak.
- Hazitek programak Ikerketa Industrialerako eta Garapen Esperimentalerako proiektuak gauzetara bideratuta daude. Proiektu horiek “lehiakorrak nahiz estrategikoak” izan daitezke, eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean jasotako espezializazio-esparruetan gauzatzekoak dira.
- Elkartek programak Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko Agenteetara bideratuta dago, “Oinarrizko Ikerketa Kolaboratiboak eta Potentzial Industrial handia duten Ikerketak” egin ditzaten.
- Gaitek programak “oinarri zientifiko eta teknologikoa” duten enpresetara bideratuta zeuden, proiektu berriak garatzeko. 2015. urtean egin zuten laguntza horren azken deialdia.
- Etorgai programak “izaera estrategikoa“ zuten “ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko” proiektuak laguntzen zituen diruz. Laguntza hauek ere 2015. urtean plazaratu ziren azken aldiz.
Hazitek programak barnebildu zituen Etorgai, Gaitek eta NET programak 2016tik aurrera. Gaur egun hori da Spri taldeak banatzen duen diru-laguntza nagusietako bat.
Enplegua mantentzeko bermerik ez
Hazitek programara aurkezteko, baldintza batzuk bete behar dituzte enpresek. EAEn ekoizpen-planta bat izatea eta diru-laguntzako proiektua bertan garatzea da baldintza nagusia. Hala ere, diru-laguntza deialdiak ez du inolako eskakizunik egiten enplegua mantentzeari dagokionez, ez eta langileen lan baldintzei dagokionez ere.