51 bonbardaketa egin ziren Aiaraldean Guda Zibilean

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 23a, 11:10
Aretan jazotako bobardaketetako baten ondorioak jasotzen dituen argazkia.

Gogora Institutuak egin du gaiari buruzko ikerketa, eta liburu batean bildu ditu datu guztiak. 

51 bonbardaketa operazio egin ziren Aiaraldean Guda Zibilean. Hori ondorioztatu daiteke Gogora Institutuak plazaratu berri duen  Atlas de bombardeos en Euskadi (1936-1937) liburua irakurrita.

Xabier Irujo arduratu da ikerketa egiteaz, eta 1936ko uztailetik 1937ko abuztura bitartean Euskadin egindako 1.220 bonbardaketa-operazio jaso ditu. 

Eskualdean jazotako bonbardaketei buruzko informazio ugari jasotzen du ikerketak. Bonbardaketa gehienak Amurrio eta Urduñan izan ziren, 32 guztira. Hala ere, kontuan hartu behar da frontea bertan kokatuta zegoela, eta helburu militarra zuten operazio ugari egin zirela zonaldean. 

Antzeko kasua da Orozkokoa: Bonba gehienak Gorbeia inguruan erori ziren, bertan zegoelako defentsa lerroa. 

Terrorea sortzea helburu

Hala ere, Aiaraldean eginiko 51 bonbardaketetako 10ek ez zuten inolako helburu militarrik izan. Herritarrengana zuzenduak egon ziren, eta “terrorea sortzea” izan zuten helburu, ikerketak zehazten duenez.  

Horrez gain, aipatzekoa da baita ere erregistratutako bonbardaketen gehiengoa (% 91,5 ) frankistek egin zituztela, Alemania Naziaren eta Italia Faxistaren hegazkinek lagunduta.

Errepublikaren aldeak, berez, bonbardaketa bakarra egin zuen Aiaraldean: Añesen izan zen 1936ko urriaren 27an, eta bertan zeuden tropa frankisten aurka borrokatzea izan zuen helburu. 

Hildakoen kopuruari dagokionez, operazio gehienetan ez dago zenbakirik zehaztuta. Amurrion jazotako operazio batean soilik zehazten da pertsona bat hil zela. 

Hala ere, hildako eta zauritu asko egon ziren. Izan ere, azken urteetan hainbat ikerketa egin dira eskualdean gertatutako bonbardaketak ikertzeko.

Txomin Egiluzek eta Markel Iturrizarrek, adibidez, Arrankudiaga-Zollon, Arakaldon eta Aretan gertatutakoak ikertu dituzte. Bildutako informazioaren arabera, gutxienez lau auzokide hil ziren bonbardaketen ondorioz: identifikatu gabeko ume bat, Josefa Okeranza, Segundo Elezkano eta Maria Luz Ginea Usategi.

Aretako jaietako pregoilariak izan ziren bonbardaketa horietatik bizirik atera ziren bizilagunak:

Arakaldo eta Arrankudiaga-Zolloko Udalek, euren aldetik, omenaldia egin zieten bonbardaketen ondorioz hildako bizilagunei

Artziniegan, aldiz, hiru bonbardaketa jazo ziren, Arseniega historia blogean aipatzen denez. Baina Gogora institutuaren ikerketan ez daude erregistratuta. Berez, liburuan erreferentzia bakarra egiten zaio Artziniegari, frankistek bonbardatzeko asmoa dutela aipatuta, baina ez da gauzatutako operazioen zerrendan agertzen.

Memoria historikoaren berreskurapena, beraz, guztiz amaitu gabeko bidea izaten jarraitzen du oraindik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide