ERREPORTAJEA

Herritarrik gabe jairik ez

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko uzt. 24a, 13:39
Aretako Jai Batzordeko zenbait kide Kultur Etxeko balkoian. / Aiaraldea.eus

Aurten ere, Aretako Jai Batzordeak ez ditu festak antolatuko, jai eredu herrikoi eta parte-hartzaile bat aurrera ateratzeko baldintzarik ez dagoela ulertuta. Bi urteko geldialdiak hainbat hutsune sortu ditu Aretan. Horren inguruan hausnartu dute Aiaraldea Komunikabidearekin.

Gaur egungo Aretako Jai Batzordeak 20 urte daramatza jai eredu herritar eta parte hartzaile baten alde lanean. 2001. urtean, etenaldi baten ostean, oso ekintza gutxi antolatu ziren Aretako Jaietan, nagusiki udalak sustatutakoak. Horrek elkartzeko beharra mahaigaineratu eta gaur egungo Jai Batzordea sortzera bultzatu zituen herritarrak. 

Geroztik asko izan dira taldetik igaro diren auzokideak, eta bakoitzak bere ibilbidea egin du bertan. Gaur da eguna non belaunaldi desberdinetako hainbat lagun elkartzen diren bertan. Baina urtean zehar erregulartasunez elkartzen den 8-10 laguneko talde egonkorraz haratago doan antolakuntza eredua dela nabarmendu dute, Aretako jaietako ekintza desberdinen atzean elkarte, eragile, elkarte eta norbanako ugari baitaude. Horien guztien koordinazioaz eta batasunaz arduratzen da nagusiki Jai Batzordea. "Jaietako ekintza bakoitzaren atzean talde desberdinak daude: asto lasterketan, mendi martxan, herri bazkarian, kalejiretan, herri kiroletan... Batzordetik jaiak antolatzeko oinarria, egitura, jartzen dugu, eta ekintza bakoitza bere bidea egiten doa".

Hain zuzen ere parte hartze eredu hori da, orain COVID-19aren ondorioz, arriskuan ikusten dutena. Bi urteko geldialdiak jendearen interes eta motibazioak alda ditzake eta zenbait ekintza egiteari utziko dioten beldur dira: "Urteen poderioz oso ondo sistematizatuta genuen jaien antolakuntza, bakoitzak oso argi zuen zein zen bere funtzioa. Orain, nolabait, zerotik hasi beharko gara. Horrek lan handia ekarriko du".

Herritik eta herriarentzat

Jai parte-hartzaileetaz hitz egiten denean Aretan ez da eslogan huts bat, inon baino hobeto eraman baitute praktikara jaiak herritik eta herriarentzat antolatzearen filosofia. Zenbatzen hasi eta 200dik gora lagun kontabilizatu dituzte modu batean edo bestean jaien prestaketan aktiboki antolatuta. Zifra are esanguratsuagoa Aretan 1.600 biztanle bizi direla jakinda, hau da, herritrren %10 baino gehiago ari da jaiak aurrera ateratzeko lanean. "Norberak badaki non egon behar duen jaietan, izan txosnan zerbitzatzen, trail lasterketa antolatzen, herri bazkaria sukaldatzen... Gure helburua ez da ekintzak antolatzea ,baizik eta jendea horretarako aktibatzea, herritarren parte-hartzea sustatzea. Hori da gure jai eredua".

Eredu horri eutsi ezin izana izan da bi urte hauetan jaiak ez antolatzearen arrazoi nagusia: "Ezinezkoa izan da jaiak guk bultzatu nahi dugun filosofiarekin antolatzea, horregatik ez ditugu antolatu."

Herria egiten

Jaiek funtsezko papera betetzen dute ere Aretaren egituraketa eta kohesio sozialean: "Egun batez herri bazkarian elkar ikusteak urte osorako harremanak estutzen laguntzen du. Bizilagun askok jaietan bakarrik ikusten dute elkar. Azken bi urtetako geldialdiak herriko bizitza soziala apaldu du ere".

200 lagunek baino gehiagok parte hartzen dute Aretako Jaien prestaketan

Aretako aisialdi eta kultura eskaintzaren gehiengoa Jai Batzordearen eskuetan dago ere, jaien aurretik eta ostean antolatzen dituzten ekintzei esker. Ez dira gutxi ekintza horiek: "Olentzeroren kalejira, San Juan bezperako sua, jai herrikoien aldeko enkantea, Santa Agedako kalejira, Aretako haurrentzako udaleku eta tailerrak...". Bestelako ekintzak ere babesten zituzten, hala nola, Aretako Gazte Asanbladaren hainbat jarduera. Guzti horren faltak ere eragin zuzena du Aretako eguneroko bizitzan: "Oso giro monotonoa ari da nagusitzen".

Beste hutsune bat nabarmendu dute ere batzordetik: "festen faltak bakarrik ez, elkartzeko espazio erreferente baten hutsuneak ere eragina du aretarron kohesioan". Kultur Etxeaz ari dira, azken hiru urteak publikoari itxita egon den espazioa. Hor ere borrokan ari dira Aretako bizilagunak, eredu herrikoi eta zabal bat sustatuko duen Kultur Etxearen alde.

Lekukoa eskuz esku

Belaunaldi berriek ez diote Jai Batzordeari hurbiltzeari utzi, baina festen etenaldiak aurrekari arriskutsu bat ezarri dezakeela nabarmendu dute: "2019an Aretako gaztetxeko koadrila bat hasi zen bileretara hurbiltzen, baina bi urteko hutsune honek agian desaktibatu egin ditu, orain arte ezin izan baitute eurak propioki antolatutako jai batzuez gozatu. Guk, orain arte batzordean ibili garenok, barneratua dugu jaiez gozatzeko modu hau, urte osoa ematen dugu astebeteko festak prestatzen, lan handia da baina behin bukatuta eta dena ondo joan dela ikusita sentzazioa oso positiboa da, eta ia atsedenik hartu gabe hurrengo urteko festeak antolatzen hasten gara buru-belarri. Zaila da belaunaldi gazteak gurpil horretara igotzea bizi dugun egoerarekin".

Gazte belaunaldi horiek euren bidea egiten ari direla nabarmendu dute eta eredu errotu baten faltan beste modu batean bideratuko dute jaiekiko grina: "Jakin behar dugu eraldatzen eta bide berriak ibiltzen". 

Gazteak bakarrik ez, Aretako gainerako auzokideak ere aktibatu nahi dituzte jaien antolakuntzan etorkizunean: "Gazteetaz hitz egiten da baina herriko belaunaldi ugariren parte-hartzea falta da oraindik. Guztion interesak egon behar dira islatuta jaietan; gaueko giroa nahi dutenena eta bestelako jarduera batzuez gozatu nahi dutenena."

COVID-19ak berrasmatzeko eta aktibaziorako aukera eskaini dezake agian: "Ez goaz ezerezetik hastera, baina bai urratsak ikuspegi berri batetik ematera, agian hau da unea urteetan zehar automatikoki egindako hainbat jarduera berrikusi eta berriro planteatzeko, jende berriarengana eskaintza berri batekin iristeko".

"Jendeak ulertu behar du gauzak aurrera ateratzeko hauek antolatu beharra dagoela"

Gauzak ez direla berariaz sortzen azpimarratu nahi dute batzordeko kideek, hots, ahalegin eta esfortzu bat exijitzen dutela, eta hori guztion artean aurrera atera beharra dagoela: "Jendeak ulertu behar du gauzak aurrera egiteko hauek antolatu beharra dagoela eta antolaketa hori ez dela hutsetik sortzen, herritar ororen inplikazioa ezinbetsekoa da."

Zentzu horretan, ateak parez pare dituzte zabalik Aretan. Batzordearen funtzionamendua erabat horizontala eta irekia da, edonork hartu dezake bileretan parte, eta iritzi guztiak dira ongietorriak.
Nolanahi ere, Aretako Jai Batzordetik argi dute berriro egongo dela jaiez gozatzeko aukera, eta horren alde egingo dute lan atsedenik gabe: auzokideak berriro aktibatuz, antolatuz, saretuz... Finean hobekien egiten dakitena egiten; jaiak herritik eta herriarentzat leloa praktikara eramanez, urte luzez demostratu duten bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide