Aurten Aretako jaiak ospatu ez diren arren, ohitura zaharrei eutsi eta Santa Anako mugarrian elkartu dira Arrankudiaga-Zollo eta Laudioko alkateak, beste urte batez bi herrien arteko mugarria berrikusteko.
Ekitaldi xumea izan da, ikuslerik gabea eta COVID-19ari aurre egiteko neurriek baldintzatua. Txutxi Ariznabarretak eta Ander Añibarrok bat egin dute uda honetan jende pilaketak saihesteko beharrean, baina ohitura zaharrak zaintzearen garrantzia azpimarratu dute ere.
Ekitaldiak XVIII. mendean du jatorria. Valladolideko Errege Kantzelariak 1755ean ezarri zuen Santa Anako mugarria lur horren jabetzaren gaineko eztabaidak baretzeko asmoarekin. Geroztik, urtero bisitatu dute mugarria alde bateko zein besteko ordezkari politikoek, honen kokalekua aldatu ez dela ziurtatzeko.