El Mundori eta EAEko enpresa elkarteei lotutako hedabide batek artikulua argitaratu zuen atzo, salatzeko Tubacexeko greban "isiltasunaren legea" ezarri dela eta sindikatuen presioak ez diela uzten zenbait langileri greba likidatzen, lanpostuetara itzultzeko. Artikuluaren muina bi langile anonimoren adierazpenetan datza. Bi behargin horiek aldarrikatzen dute eurek ez dutela nahi euren gainean eraman hainbat lankide saltzearen gurutzea.
Ironiak ironia, "isiltasunaren legea" aipatzea metafora ezin egokiagoa da kasu honetan. Izan ere, kontzeptuak izen bereko filma batean du jatorria. Elia Kazanek zuzendu zuen eta, ustez, komunismoak Hollywoodeko artisten artean ezarritako diziplina salatzen zuen filmak. Ordea, errealitatea izan zen Elia Kazanek bere burkideak saldu zituela errepresiorik ez pairatzeko McCarthy senatariak "sorginen ehiza" abiatu zuenean Hollywoodeko industrian. Hain zuzen, filma hori izan zen bere burua zuritzeko erabili zuen pelikula, aurretik Viva Zapata! bezalako filma ezkertiarrak egin eta gero. Isiltasunaren legea filma izan zen, hain zuzen, “sorginen ehiza” intelektualki justifikatzeko baliatu zen tresna.
Ez dira kasualitatearen fruitu aipatutako artikulu hori, aurreko egunetan idatzitako beste batzuk, ezta bat-batean agertu diren hainbat Twitter profil faltsu ere
Hainbat urteren ondoren, ohorezko Oscarra eman ziotenean Kazani, antzezle askok ez zuten txalotu zeremonian, traidore hutsaltzat eta koldartzat jotzen baitzuten.
Egun, Aiaraldean, antzeko filma sortzen ari dira batzuk. Horientzat euren (eta guztion) eskubideen defentsan ari direnak borreroak dira, eta bere lankideak bazterrean utzi nahi dituztenak, aldiz, biktima gizagaixoak. Eta barregarriena dena, euren kideak saltzearen truke, Oscar bat eta txaloak ere nahi dituzte.
Kasualitaterik ez filma honetan
Ez dira kasualitatearen fruitu aipatutako artikulu hori, aurreko egunetan idatzitako beste batzuk, ezta bat-batean agertu diren hainbat Twitter profil faltsu ere. Twitter kontu horiek argudio nahiko miserableak baliatu dituzte grebaren zilegitasuna zalantzan jartzeko (adibidez, lanik egin ezin duten kaleratuak ez daudela greban esatea, nahiz eta antolatutako kaleratuek euren soldatak erresistentzia kutxara bideratu).
Tubacexeko zuzendaritzak abiatutako estrategia berriaren emaitza dira. Ez da miraria bat-batean, orain arte aparteko interesik erakutsi ez duenean, Vocentok sekulako garrantzia ematea lanuzteari.
Batasun sindikala borroka honetan mantendu da denbora luzez, baina horrek ez du esan nahi une latzak bizi izan ez direnik, eztabaidak zein desadostasunak medio. 160 egun baino gehiagoko greba batean hori ez da albiste
Estrategia berria; gerra psikologikoa eta intoxikazioa
Zuzendaritzaren planteamendu berriaren isla da pasa den astean gertatutakoa. Kaleratutako kolektiboko dozena bat kidek eskatu zuten hitza langile batzordearen bileran eta sindikatu bereko bi lagunek (ordezkari sindikala bata, afiliatua bestea) eztabaida zinez ezatsegina izan zuten, errespetu faltekin. Hortaz, ez zen kolektibo baten eta langile batzordearen arteko desadostasuna izan, sail sindikal bereko bi kideren arteko talka baizik.
Nola edo hala, gertakaria berehala egon zen zenbait hedabidetan. Vocentok dozena eta erdi kaleratuen zifra puztu zuen, 70 langile zirela esanda; eta Tubacexeko zuzendaritzak berak oharra argitaratu zuen berehala, mehatxuak salatzeko. Bitxia da, Ertzaintzak sindikatuko kideak jo dituenean, zuzendaritzak ez du ezer esan.
Eztabaidak albiste dira?
Batasun sindikala borroka honetan mantendu da denbora luzez, baina horrek ez du esan nahi une latzak bizi izan ez direnik, eztabaidak zein desadostasunak medio. 160 egun baino gehiagoko greba batean hori ez da albiste. Normalena da, tamalez. Orain arteko giro lasaia salbuespen aipagarria izan da, nahiz eta, esan bezala, tentsio uneak egon diren. Zentzu horretan, iragan astekoa ez zen lankideen artean basakeriak esan ziren lehen aldia, eta ziurrenik ez da azkenengoa izango. Gainera, talka eragin zuenak barkamena eskatu zuen. Beraz, eztabaida zakar hori handitu izana enpresaren eta bere morroien maniobra da, eta ez da benetako albistea.
Pasa den asteko eztabaidari dagokionez, okerrena da modu artifizialean elikatu zela eta ez zela izan langile batzordearen eta kaleratuen arteko gatazka, erakunde bereko bi kideren artekoa baizik
Langile batzordeko eztabaida, intoxikazioaren ondorioa
Pasa den asteko eztabaidari dagokionez, okerrena da modu artifizialean elikatu zela eta ez zela izan langile batzordearen eta kaleratuen arteko gatazka izan, erakunde bereko bi kideren artekoa baizik. Aurreko egunetan, Vocenton eta bestelako hedabidetan sindikatu horri buruzko informazioak zabaldu ziren ez zirenak guztiz zuzenak edo, behintzat, ez zutenak bat egiten batzarretan adostutakoarekin. Horren ondorioz, urduritasuna eta ezinegona handitzen joan zen eta azkenean, eztabaida piztu zen.
Grebalari onak eta txarrak
Pasa den astean abiatutako gertakariekin, ordea, Tubacexeko enpresak eta bere hedabideek gidoi argia prestatu dute. Grebak zilegitasun ikaragarria duenez gizartean eta bereziki Aiaraldean, ezin da kanpotik apurtu. Hortaz, barrutik egin beharra dago.
Gauzak hala, Tubacexek bere kontakizuna eraikitzeari ekin dio. Alegia, egungo protestan bi grebalari mota daudela; onak, greba utzi nahi dutenak, eta txarrak, ekoizpena etenda mantendu nahi dutenak.
Berriro ere, ez da kasualitatea gaur zuzendaritza lantegira polizia ugarirekin itzuli izana. Hilabeteetan ekidin du gatazka hedabidetan ez egoteko, baina orain egoera tenkatu nahi dute, euren estrategia berriarekin bat egiten duelako.
Enpresa estrategia honetara heldu bada, bere ezintasunaren ondorioz izan da
Gidoi aldaketa horrekin, bigarren toki batean jarri nahi dute orain arte garrantzitsua izan dena: 129 langile kaleratu nahi dituztela eta egindako azken eskaintzarekin behin-behinean berronartzera mugatzen direla, Auzitegi Goreneko epaiaren zain dauden bitartean.
Greba orain bukatuko balitz, grebalarien aldetik egindako ahalegin guztia ezer ezean geratu ahalko litzateke urtebetean, epaileek kaleratuak kanpoan geratuko direla erabakitzen badute.
Azken eskaintza, berriro ere
Irakurketa ilun honek, ordea, badauka bere argitasuna ere. Enpresa estrategia honetara heldu bada, bere ezintasunaren ondorioz izan da. Horrez gain, lehenengo aldiz ahultasuna erakutsi du, onartuta lan karga dagoela eta lantegiak martxan jarri behar direla ahalik eta lasterren. Bestalde, "azken eskaintza" hitzak maiatzean ere esan zituzten, eta hemen gaude. Gainera, atzoko hamar orduko bileraren ostean, batasun sindikalak bere horretan jarraitu du, eta grebak aurrera jarraituko du, intoxikazio kanpainak kanpaina.