Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak AP-68 autobideko bidesariaren hobari programa zabalduko du bihartik aurrera, irailak 1, Laudio eta Bilbo arteko tartearen ohiko erabiltzaileentzat. Horri esker, deskontua izango dute Bilbon eta Bizkaian lan egiteko edo ikasteko bide azkar hori ohikotasunez erabiltzen duten arabar guztiek, baina, batez ere, Laudion eta Aiaraldean bizi direnek.
Bidesariaren prezioaren % 60ko hobaria izango dute (BEZa barne), betiere hilean gutxienez 15 bidaia egiten badituzte. Onuradunek Araban izan behar dute ohiko bizilekua eta, gainera, teleordainketa sistema bat izan behar dute.
Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, “Arabako herritarrekin dugun konpromisoa betetzen dugu horrela, eta, batez ere, Laudion eta Aiaran bizi diren arabarrekin. Egunero Gasteiztik eta Laudiotik Bilbora astegunetan joaten den pertsona batek 502 eta 554 euro aurreztuko ditu urtean, hurrenez hurren, diruz lagundutako tarte berri horretan bakarrik".
"Aiaraldeko eskaera historiko bati erantzuten diogu horrela, eta eskualde horretan bizi diren arabarrak Bilbora eta Bizkaira segurtasun handiagoz joatea errazten dugu", azpimarratu du de la Peñak.
Onuren programa arautzeko oinarri berriak ezartzen dituen dekretua abuztuaren 3an onetsi zuen Foru Gobernu Kontseiluak. Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialak (ALHAO) atzo, astelehena, argitaratu zuen dekretu hori, eta bihar, irailak 1, asteazkena, sartuko da indarrean.