Irailaren 11tik abenduaren 31ra luzatu nahi du Tubacexek Enplegua Aldi baterako Erregulatzeko Espediente berria. Horrela azaldu die enpresa batzordeko ordezkariei Laudion gaur -abuztuak 31- egindako bileran.
11:00etan zeuden batzartuak bi aldeak, eta Tubacexeko grebalariek 9:30ean jarri dute enpresa batzordea babesteko hitzordua. Dozenaka langileren babesarekin sartu dira ordezkari sindikalak Laudioko fabrikako bulegoetara. Bileran, ordea, ezer gutxi landu da indarrean dagoen greba mugagabearen inguruan, enpresak ez baitu bere jarrera aldatzeko inolako asmorik erakutsi.
Espediente berria
Irailaren 10ean iraungitzen da gaur gaurkoz Tubacexen dagoen Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko espedientea eta multinazionalak irailaren 11an abiarazi nahi du berria. Berriro ere COVID-19a erabili du enpresak aldi baterako erregulazioa aplikatzeko arrazoi gisa. Espedienteak %70eko eragina izango luke, eta EAEko Justizia Auzitegia Nagusiaren epaiaren aginduz berrartuak izan behar diren langileak ere hartuko lituzke kontuan. Halaber, 129 behargin hauen etorkizuna zuzendaritzak Madrilgo Auzitegi Gorenean jarritako helegitearen eskuetan dago.
Hori dela eta, greba mugagabearekin aurrera jarraituko dutela berretsi dute langileek, kaleratutako beharginak berme osoz lanera itzuli arte. Zuzendaritzak eta ordezkari sindikalek bilera gehiago finkatu dituzte, espedientearen inguruan hitz egiten jarraitzeko. Irailaren 3an, 6an eta 7an elkartzea aurreikusi dute.