Irailaren 4an ospatzen den Sexu Osasunaren Nazioarteko Eguna probestuz, ASASAM elkarteak pertsona ororen sexualitatea artatzeak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du. Horretarako, Estatu Espainiarrean aitzindaria den profesionalentzako gida bat argitaratu du, buru osasuneko arazoak dituzte pertsonen sexualitatea lantzeko.
"Sexualitatea subjektu bakoitza nola sentitzen den, nola bizi den eta bere burua nola adierazten duen ulertuta, bizitza osoan irauten duen egitate biografikoa da, gizaki guztiok duguna. Gaixotasun mentalaren diagnostikoa izateak ez du esan nahi sexualitateaz gozatu ezin denik", adierazi du Maria Angeles Arbaiziagoitiak, ASASAMeko presidenteak.
Hain zuzen ere, 5 urte daramatza elkarteak sexualitatearen gaia lantzen buru-gaixotasuna duten pertsonekin eta beraien familiekin. Modu integralean landu izan dute gaia hainbat lan lerrotan, eta adituen laguntza izan dute horretarako. Urte guzti hauetan pilatutako esperientzia izan da atzo bertan -irailak 3- aurkeztu zuten gidaren oinarri.
Ekimen honen bitartez, ASASAMek osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek sexualitateari dagokionez egun jasotzen duten arreta hobetu nahi du. Horretarako, ibilbide-orri bat proposatu du erakundeek bere egoera-diagnostikoa egin ahal izateko, baita ikusarazteko, sentsibilizatzeko, prestatzeko eta ahalduntzeko hainbat ekintza ere.
Aurreiritziak gaindituz
Ibilbide luzea urratu du elkarteak sexualitatearen gaiari dagokionez. Gaia mahaigainean jarri zuten lehendabiziko aldian familia askoren aurreiritziekin egin zuten topo. Praktikak, ordea, agerian utzi du sexualitateari arreta eskaintzeak ondorio oso positiboak eragiten dituela buru osasun arazoak diagnostikatuta dituzten pertsonengan.
"Sexualitatea ere Mendebaldeko moralean ezkutatutako giza alderdia izan denez, tabu bikoitzari egin behar diogu aurre sexualitateaz eta ari garenean", azaldu du Arbaizagoitiak, "pertsona hauei ezaugarri jakin batzuk esleitzen zaizkie, nabarmena denez okerrak, eta horrek are gehiago kaltetzen du haien sexu-bizipena". Hauek dira, besteak beste, elkarteak zerrendatu dituen baieztapen orokortu okerrak sexualitateaz eta gaixotasun-mentalez hitz egiterakoan:
- Ez dira subjektu erotikoki desiragarriak.
- Ezin dituzte bikote-harremanak izan, egonkor eta orekatuak, eta ezin dituzte familiak osatu.
- Desira heteroerotikoa aurresuposatzen da; beraz, bere sexualitatea ukatuta, sexu-aniztasuna ere ukatzen zaie.
- Ez dute sexu-hezkuntzarik behar, ezta bere sexualitatea artatzea edo lantzea ere. Gainera, sexu-arretako programek bere egoera psikopatologikoa ezegonkortu dezakete.
Egindako lana Espainiako Estatu osoan zabaltzeko asmoa du ASASAMek. Izan ere, orain arte oso gutxi landu den gaia da, eta Aiaraldeko elkartearena da argitaratzen den profesionalentzako lehenengo gidetako bat.