210 egun bete dituzte gaur Tubacexeko langileek greba mugagabean. Ohikoan bezala, dozenaka grebalari batu dira Laudio eta Amurrioko piketeetan, eta 8:00ak pasata sartu dira zuzendaritzaren autobusak fabriketan.
Gaur ere, brigada mugikorreko hainbat polizia bertaratu dira piketeetara, baina ezohiko gauza bat egin dute Laudion: ez dira langileen aurrean jarri, izkina batean geratu dira. Autobusak lantegian sartu ondoren, piketearen alboko taberna batean sartu dira poliziak, langile bat atzemateko. Kanpora atearazi dute behargina, eta furgoneten pareraino eraman dute identifikatzera. Grebalariak salatu du poliziek iraindu egin dutela, eta probokaziotzat hartu du gertatutakoa.
Nabarmentzekoa da gaur ETBko kamerak bertaratu dira piketera, eta gertatutakoa grabatu dutela.
Ondoren, grebalariak Deriora abiatu dira, multinazionaleko zuzendaritzaren bulegoen aurrean protestatzera. Ostiralerako mobilizazioa antolatu du Enpresa Batzordeak Laudion.