Tubacexeko zuzendaritza eta Enpresa Batzordea Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailarekin batzartu dira gaur Gasteizen, azken honek deitutako bileran. Dagoeneko 217 egun bete ditu 129 kaleratzeen aurka langileek abiatutako greba mugagabeak, eta lan gatazka zer egoeran dagoen aztertu dute hiru aldeek.
Ostiralean -irailak 17- batzartuko dira berriz, lan gatazkari amaiera emango dion konponbidea bilatzeko helburuarekin. Bien bitartean, mobilizazio eta protestekin aurrera jarraituko dute grebalariek. Bihar, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurarekin bat eginez, kotxe karabana egingo dute Gasteizera, 9:00etan Laudioko piketetik abiatuta. Ostiralean, ordea, Amurrioko piketetik martxan aterako dira 10:00etan, Amurrioko Udaletxera arte.
Sinadura bilketa
Gaur bertan, bolo-bolo zabaldu da hainbat komunikabideetan Tubacexeko langile batzuek abiatutako sinadura bilketa. Ekimenaren sustatzaileek greba mugagabearen etorkizuna langile guztiek asanblada orokor batean bozkatzea exijitzen diote Enpresa Batzordeari eta, azaldu dutenez, dagoeneko 172 sinadura bildu dituzte.
Sinatzaileen artean Jon Iñaki Gainza TTI Laudioko mantenuko burua, Javier Martinez Kleiser TTI Amurrioko mantenuko burua eta Iñaki Ibarrondo Aceralavako produkzio burua aurkitzen dira
Tubacexeko langileena bezala aurkeztu duten sinadura bilketaren sei sustatzaileak, ordea, Laudio eta Amurrioko plantetako zuzendaritza taldeko kideak edota fabriketako arduradunak dira. Horrela azaldu dute grebalariek ohar batean: "6 pertsona horiek hitzarmenetik kanpo dauden eta greban parte hartu ez duten langileak dira. Ez daude enpresak aplikatu nahi dituen lan-baldintzen debaluazioaren eraginpean, eta ez dira kaleratzeen helburu izan. Justuak izateko, esan beharko genuke beraiek erabaki dutela nor kaleratu eta nor ez".
Besteak beste, sinatzaileen artean Jon Iñaki Gainza TTI Laudioko mantenuko burua, Javier Martinez Kleiser TTI Amurrioko mantenuko burua eta Iñaki Ibarrondo Aceralavako produkzio burua aurkitzen dira. Aipatzekoa da lan-hitzarmenetik kanpo dauden langile hauek ez dutela balizko asanblada batean bozkatzeko eskubiderik.
Gainera, enpresa batzordeak 172 sinadura horien konstantzia ofizialik jaso ez duela azaldu dute grebalariek. "Argi utzi behar da ez direla langileak izan sinadura-bilketa hori sustatu dutenak, zuzendaritza osoa eta aipatutako buruak baitira hau martxan jarri dutenak", azpimarratu dute langileek oharrean.