Duela astebete aurkeztu zuen Gazteak Daniel|a| proiektua. Mikel Ayllon dago egitasmoaren atzean. EITBk ideien lehiaketa antolatu zuen gazteei begirako web telesail bat egiteko, eta idazle laudioarrak proiektuaren gidoia aurkeztu zuen bertan.
Baina gidoi hori ez zen ohiko ikus-entzunezko batena. Harago doa Daniel|a|. “Proiektu transmedia” bat da, lau zutabez osatutakoa. Serie digitala da lehenbiziko hanka. “Sei atalez osatua dago, eta bertan kontatzen da istorioaren muina”, azaldu du Ayllonek. Webgune bat ere atondu dute, eta egitasmoaren jarraipena egiten ari dira sare sozialen bidez.
Horrez gain, hiru podcast ere plazaratuko dituzte. “Websaileko protagonistetako bat, Ipar, da podcast horren egilea, baina benetan existitzen diren taldeak ere agertuko dira”. Izan ere, “errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausotzea” du helburu proiektuak, eta zeregin horretara bideratua dago baita egitasmoaren azken hanka: kontzertua.
Websaileko azken atalean agertzen den kontzertua Faktorian grabatuko da datorren asteko ostegunean
Kontzertua, Faktorian
Kontzertu hori datorren irailaren 23an grabatuko dute, non eta Aiaraldean, Laudion, Faktorian. Hitzordua 19:00etan izango da. Telesailean erabiliko diren eszena batzuk grabatuko dituzte orduan. Handik bi ordura hasiko dira kontzertuak. Sua taldea eta Iholdi Beristain (telesailean Ipar pertsonaiaren papera egiten duen musikaria) igoko dira Faktoriako oholtzara, eta emanaldietako irudiak ere baliatuko dituzte ikus-entzunezkoa osatzeko.
Esan bezala, “errealitatearen eta fikzioaren arteko muga hautsi” nahi dute proiektuaren egileek, eta hori lortu nahi dute Faktorian. “Kontzertua telesaileko oso une berezia da. Sua taldea soinu bandan eta podcastean agertzen da, eta Ipar pertsonaiak ere joko du". Emanaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da Eitb.eus atarian. Igande horretan -irailak 26- estreinatuko da websailaren lehen atala. Atal bat argitaratuko dute egunero aipatutako webgunean eta Gaztearen YouTube kanalean.
Sarreren zozketa
Kontzertura bertaratzen diren ikusleak figurante gisa agertuko dira telesailean. Aiaraldea Ekintzen Faktoriak 14 sarrera zozketatuko ditu bazkideen artean. Horrez gain, hiru sarrera bikoitz zozketatuko dira Faktoriako Facebokean, Instagramean eta Twitterrean.
“Euskal Euphoria”
Bi gazteren bizitza du ardatz proiektuak. Hala dio sinopsiak: “Unibertsitatean hasi eta berehala, nortasun krisi sakon baten ondorioz, Danielakatzerrira alde egitea erabakiko du. Hiru urteren ondoren, Bilbora itzuliko da, aitaren etxera, eta bere bizitzari berriro ekingo dio, baina abiapuntu berri batetik: orain, Daniel da. Alde egin aurretik ikusi zuen azken pertsonarekin, Ipar bere ikaskidearekin, topo egingo du berriro. Elkarrekin, langabezian geratu den Danielaren aitari laguntzeko plan bat prestatuko dute: banku batean lapurreta egin”.
Ayllonek iaz argitaratutako Zoriontsuak izatea aukeratu genuen ipuin-liburuko azken kontakizunean dago oinarrituta gidoia. “Hortik tiraka sortu zen istorio berri hau”, zehaztu du idazleak.
Gauzak hala, “istorio unibertsal” bat kontatzen du proiektuak, gazteen ikuspegitik landuta, baina “infantilizaziora” jo gabe. “Askotan badirudi gazteentzako produktuak gozoak izan behar dutela, baina modu asko daude gazte izateko”, aldarrikatu du Ayllonek, “jende gazteak zuzendutako eta gazteak protagonista dituen ikus-entzunezko bat egin dugu, baina edonork ikusteko modukoa da”.
“Istorio unibertsal” bat kontatzen du proiektuak, gazteen ikuspegitik landuta
Sortzaile laudioarrak Euphoria telesail estatubatuarrarekin alderatu du Daniel|a|. Hala ere, alde handia dago bi proiektuen artean, diru aldetik batez ere. “Zure buruan Hollywoodeko superprodukzio bat duzu, eta gero oso diru eta denbora gutxi duzu buruan duzun hori egiteko. Ekoizle batzuek ez zuten uste posiblea izango zela proiektua ateratzea, baina lortu dugu”.
Dena den, proiektua aurrera atera bada, “munduan jende on asko dagoelako” izan da, Aiaraldeko idazlearen aburuz. Ildo horretan, filmeko lan-taldeak eginiko lana goraipatu du. Nora Alberdi aritu da zuzendari lanetan, eta Leire Ormazabal, Iholdi Beristain, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenaga dira aktore protagonistak. “Aldea nabaritzen da milioiak balio duten pelikulen eta gure sorkuntzen artean, baina horrek ez du esan nahi ezin dugunik horrelako produkturik atera. Beste gauza batzuetan jarri beharko dugu arreta, istorioaren mamian edo elkarrizketetan kasu. Gu saiatu gara horretan indarra jartzen”.
Proiektu gehiago
Oraindik Daniel|a| amaitua ez dagoen arren, proiektu gehiagotan murgilduta dago Ayllon. “Pieza berezi bat prestatzen ari gara Gasteizko Nazioarteko Jaialdirako”, aurreratu du, “gida turistiko fikzionatu bat izango da, lau egunez (eta lau egun horietan soilik) bizi ahal izango dena”.
Eskualdean ere arituko da laster, Orozkon, hain zuzen. Elkar ezagutu genuen eguna antzezlana taularatuko dute 19:00etan, eta Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburuari buruzko solasaldia eskainiko du idazleak jarraian, liburu horretako istorio batean baitago oinarritua obra: