Urtea oraindik amaitu ez den arren, erraz aurreikusi daiteke Tubacexeko greba mugagabea izango dela, seguraski, gurean 2020an egon(go) den gertakari esanguratsuenetako bat.
Baina dena ez da Tubacex, Aiaraldean osoa da alerta gorrian dagoena, eta beharrezkoa da bailaran jazotzen diren beste egoera eta borrokei (askotan periferian geratzen direnak) ere erreparatzea, eskualde gisa urratsak ematen jarraitzeko.
Hori aldarrikatu zuten Aiaraldeko Greba Batzordeko kideek iragan larunbatean Laudion antolatutako jardunaldietan. “Haritik tiraka” izena jarri zioten ekimenari. Hari askok osatzen dute eskualdeko ehun sozial eta ekonomikoa, baina larunbateko zitan bitan jarri zuten arreta: hezkuntzan eta zaintza sektorean.
Hezkuntza hizpide
Bi mahaingurutan landu zituzten ildo horiek. “Hezkuntza Aiaraldean: Borroka eta erronkak” izenburua jarri zioten lehenengoari. Sei pertsonek hartu zuten hitza: Zabaleko Bizirik! plataformako eta Lamuza Eskolako Guraso Elkarteko bina kidek eta Ikama ikasle antolakundeko eta Aramaioko Herri Curriculumeko banak.
Zabaleko bizirik!
Borroka edo ekimen bakoitzaren nondik norakoak azaldu zituzten lehenbizi. Zabalekoko kideek euren sorrera izan zuten hizpide: “Sorpresaz jaso genuen eskola itxi nahi zutenaren informazioa”. Horren aurrean, hainbat ildotako borroka abiatu zuten. “Alde batetik, alde ekonomikoa dago. Eskola ekonomikoki bideragarria ez dela diote, baina instituzioen erantzunkizuna da hori, Amurrioko Udala da eskolan urtez urte beharrezko inbertsioak egin ez dituena”. Plataformako kideen ustez, “desmatrikulazioa” ere sustatu dute instituzioek Zabalekon.
Eskolaren itxierak sektore prekarizatuenei eragingo liekeela nabarmendu zuten baita ere: “Irakasleek beste toki batzuetan izango dute lana, baina zer gertatuko da jantokietako langileekin, laguntzaileekin, garbitzaileekin?”.
Ildo soziala da garrantzitsuena, taldeko kideen aburuz: “San Jose Amurrioko auzo periferikoa da, eta ez zaie axola zer gertatzen den ez auzoarekin ezta bertako eskolarekin ere”. Euren hitzetan, “langile eta etorkin auzoa da San Jose”, eta “benetako elkarbizitza baten alde” egin behar da borroka . “Koexistentzia da dagoena, ez elkarbizitza, integrazio planek horretaz hitz egiten dute baina ez da egia. Ez dira kontuan hartzen eskolaren beharrizanak, ume askok bizi duten deserrotze prozesua, gatazka armatuetatik ihesi datozelako edo pobreziaren errefuxiatuak direlako sarritan”.
Zabalekotik harago eraman dute eskolaren itxieraren aurkako dinamika, beste sektore batzuekin lan eginez, Tubacexeko langileak edota pentsiodunak kasu. “Kontua ez da Zabaleko ixten ari direla, Aiaraldea osoa prekaritzatzen ari direla baizik. Hezkuntza kolpatzeak etorkizunean jarrera kritikoa izango duten pertsonak murriztea dakar”. Ildo horretan, “hezkuntza publikoaren beharra” jarri zuten larunbatean mahai gainean behin baino gehiagotan.
“Konplexuak galtzeko” deia egin zuten plataformako kideek: “Gurasooi dagokigu haurren eskubideak bete daitezen exijitzea, ez eskatzea, exijitzea”.
“Kontua ez da Zabaleko ixten ari direla, Aiaraldea osoa prekaritzatzen ari direla baizik”
Lamuza Ikastetxea
Lamuza Ikastetxeak antzekotasun asko ditu Zabalekorekin. Laudioko herriguneko hezkuntza zentro publiko txikiena da, bertako guraso elkarteko kideen mahainguruan nabarmendu zutenez. Eurek ere bizi izan dute “desmatrikulazio” prozesua, eta “garaipen txiki bat” lortu berri dute alor horretan: “ikasturtea amaitu genuenean hezkuntza delegaritzak 2-3 urteko gelak bateratu zituen, matrikulazio nahiko egon ez zirelako. Baina gero jende gehiago agertu zen eskolan matrikulatzeko prest, eta ezin zuten. Hori ere bada eskola hiltzeko modu bat. Kasu honetan, delegaritzara bidali dugun idazkiak eragina izan du eta ikasturte honetan 2 zein 3 urteko gelak izango ditugu”.
Eskola publikoaren aldekoak soilik ez, “eskola txikiaren defendatzaile sutsuak” ere badira Lamuzakoak. “Orain, pribatizazioaren eta makrozentroen alde egiten den unean, zaintzak erdigunean jarri behar ditugu. Makrozentro batek, izan nagusien egoitza bat edo hezkuntza zentro bat, ez da inoiz zaintza gune bat izango”.
“Ez dugu eskola publikoa soilik defendatzen, eskola txikiaren defendatzaile sutsuak ere bagara”
Ikasleen ikuspegia
Ikamako kideak hartu zuen hitza jarraian. Ikasle antolakunde gaztea da Ikama, baina hainbat ekimen egin ditu urtebetean. “Azaroaren 25ean hainbat tailer antolatu genituen eskualdeko eskoletan, Selektibitatearen aurrean ere dinamikak garatu ditugu, urriaren 12an argi utzi genuen ez garela espainolak Amurrion herri eskolak antolatuaz, martxoaren 8an Tubacexeko piketean egon ginen…”.
Iragan ikasturtea “guztiz desfasatua” izan zela ebatzi zuen ikasle mugimenduko kideak, “espero dugu aurtengoa hobea izatea, baina ez dirudi”. Pandemiaren ondorio asko ikasleek ordaindu behar izan dituztela ere nabarmendu zuen, eta kontrol soziala ere handitu dela ikastetxeetan.
Eta, egoera honetan, lortu dute garaipenik ikasleek? “Amurrion Ikasle Eguna antolatu genuen eta bertan persona batek aipatu zuen garaipen nagusia Ikama bera dela. Oso lorpen handia da mugimendu bat zerotik hastea. Gizarteak uste du ikasleak, gazteak izateagatik, ez garela gure erabaki propioak hartzeko gai, eta kontrakoa frogatu dugu guk”.
Herri curriculuma
Aramaioko Herri Curriculumaren osaketan aritutako kideak, bere aldetik, esperientzia horren nondik norakoak kontatu zituen. “Gure mugimendua 2015an hasi zen. Garai hartan LOMCEa ezartzen hasi ziren eta ikusi genuen herri moduan erantzun behar geniola. Inposaketa guzti horien aurrean proposamen bat garatu behar genuen, Aramaiotik eta Aramaiorentzat”.
Herriko eragileak, udala eta hezkuntza zentroetako kideek elkarrekin heldu zioten lanari, eta talde eragilea sortu zuten horrela, balizko curriculum horren oinarriak eztabaidatzeko. Elikadura jasangarria, feminismoa... hainbat balore txertatu zituzten proiektuan, eta zenbait ekimen egin zituzten egitasmoa sozializatzeko. COVID-19ak bertan behera utzi zuen prozesua, baina ikasturte honetan asmoa dute 2. faseari ekiteko.
“Gure eskolan inmigrante asko daude, eta ezin dute gurekin batera borrokatu. Eurek hartu behar dute lidergoa. Gu oso pluralak gara gara, baina gero argazkian zuriak baino ez gara agertzen”
“Bigarren mailako borroka”
Behin bakoitzaren borrokak azalduta, hezkuntza sektoreen arteko aliantzen eta etorkizunera begirako erronken inguruan hitz egitera pasa ziren hizlariak. Zabaleko bizirik! Plataformako kideek borrokak “desinstituzionalizatzeko” beharra jarri zuten mahai gainean, eta horrelako ekimenetan egon ohi den gabezia bat ere azalerazi zuten: “Gure eskolan etorkin asko daude, eta ezin dute gurekin batera borrokatu. Eurek hartu behar dute lidergoa. Gu oso pluralak gara, baina gero argazkian zuriak baino ez gara agertzen”.
Horrez gain, salatu zuten hezkuntza “bigarren mailako borrokatzat” hartzen dela, “eskubide ekonomikoen aldeko borrokek" arrakasta gehiago dutelako. “Kalitatezko hezkuntza baten aldeko borroka ez da hain mobilizatzailea, bere ondorioak ez direlako hain ikusgarriak epe laburrean eta, beraz, desgasteko borroka bat suposatzen dute gizartean, pixkanaka kentzen dizkigute eskubideak”.
Ikuspegi eraikitzailea
Aramaioko kideak, aldiz, “eraikuntzarako deia” eginez amaitu zuen mahaingurua. “Borondatea badago posiblea da gauzak egiten hastea. Txikitik hasita, erronka handietara heldu gaitezke, herri curriculuma kasu. Hezkuntzak baldintzatu dezake hainbat borroketan izango dugun jarrera”. Gauzak hala, hiru galdera luzatu zizkien entzuleei: “Zer etorkizuneko Aiaraldea nahi duzue? Zein oinarritan eraikia? Zein motako ikasleekin?”.
“Borondatea badago posiblea da gauzak egiten hastea. Txikitik hasita, erronka handietara heldu gaitezke, herri curriculuma kasu
Zaintzarik ez zaintza sektorean
Hezkuntzari buruzko solasaldiaren ostean egin zen zaintza sektoreari buruzkoa, “Zaintzak erdigunera: Cuidemos de las que nos cuidan” izenburuarekin. Oso argazki esanguratsua izan zen mahainguruan ikusi ahal izan zena: zaintza sektoreko hamaika langilek hartu zuten hitza, emakumeak denak, eta sektore horretan bizi den prekarietatearen erretratu zabala eskaini zuten.
Prekarietatea “kontratuan bertan” hasten dela azaldu zuten Zabalekoko Eskolako jantokiko langileek. “Kontratu finko ez-jarraia dugu. Udan langabezira goaz eta batzuetan ez dugu langabezia kobratzeko eskubiderik ere”.
"Begirale bakarra egon daiteke 37 haurrentzako"
Lan zama oso handia dela ere nabarmendu zuten. “Begirale bakarra egon daiteke 37 haurrentzako. Lana prekarioa da eta soldata ez da lan zamarekiko proportzionala. Zer gara sistemarentzako? Ikusezinak, baina funtsezkoak”.
Aiaraldeko nagusien egoitza publikoetako kideek hartu zuten hitza jarraian. Egoera “kezkagarria” bizi dutela nabarmendu zuten. “Badirudi geroz eta hurbilago gaudela egoitza pribatuetako egoeratik. Langile gehienak nagusiak dira. Lan zamak ez digu nagusiak zaintzea ahalbidetzen, eta sekulako frustrazioa eragiten du horrek. Ez dugu grebarako eskubiderik, zerbitzu minimoak ehuneko ehunekoak direlako orain... eta hori guztia diru publikoarekin ordaintzen ari gara gu guztiok”.
"Langile gehienak nagusiak dira. Lan zamak ez digu nagusiak zaintzea ahalbidetzen, eta sekulako frutrazioa eragiten du horrek"
Sektore pribatua “are prekarizatuagoa” dago, egoitza pribatuetako kideen esanetan. “Denbora ratioak faltsutzen direla” nabarmendu zuten bertako bi beharginek. “15 minutu dituzu pertsona bat dutxatu, bizarra moztu eta janzteko, eta gure lanpostuarekin bat ez datozen beste hainbat lan egin behar ditugu”.
Egoitzako lau paretetatik kanpora begira, aldiz, dena “makillatzen” dela salatu dute emakumeek. “Hamar egun lehenago dakigu Lan Ikuskaritza etorriko dela, eta dena prestatzen da horri begira”.
Horren guztiaren eraginez, lan-baldintzen erritmoa ezartzen diete egoitzako erabiltzaileei, eta eurek autonomia galtzea dakar horrek. “Horren ondorioz sortzen den frutrazioak eragin zuzena du gure bizitza pertsonaletan”.
“Hamar egun lehenago dakigu Lan Ikuskaritza etorriko dela, eta dena prestatzen da horri begira”.
Etxez etxeko langileak
Etxez etxeko langileen egoera ere ez da samurra. “12 orduz egon behar gara eskura, 8:00etatik 20:00etara. Tartean 4 orduko atsedenaldia uzten digute, baina askotan ez du bazkaltzeko orduarekin kointziditu ere egiten”, azaldu zuen Laudion lan egiten duen sektore horretako emakume batek.
Mahainguruko entzuleetako batek (etxez etxeko zerbitzuan ere lanean aritutakoa) COVID-19aren inguruan galdetu zion hizlariari. Pandemiaren lehen hilabeteetan bizitakoak ekarri zituen gogora honek: “ez genuen ezer. Maskarak ekaina-uztailean hasi ginen jasotzen. Ni oso gaizki sentitu nintzen, beldur askorekin, nigatik eta nik zaintzen nituen aiton-amonengatik. Oso egoera animiko txarrean egin nuen lan, eta enpresara deitzen genuenean esaten ziguten ez zutela ez musuko eta amantalik, eta gure kabuz moldatu behar ginela. Salaketa jarri nuen enpresan, ez soilik materiala ez zutelako, baita mespretxuz tratatzen gintuztelako ere”.
“Pandemia hasi zenean ez genuen ezer. Maskarak ekaina-uztailean hasi ginen jasotzen. Ni oso gaizki sentitu nintzen, beldur askorekin, nigatik eta nik zaintzen nituen aito-amonengatik. Salaketa jarri nuen enpresan, ez soilik materiala ez zutelako, baita mespretxuz tratatzen gintuztelako ere”
“Aspaldidanik daramagu arrisku biologikoaz ohartarazten”, gaineratu zuen Bizkaiko egoitzetako borrokan aritutako langile batek, “hori aldarrikatzean zorotzat hartzen gintuzten, baina orain koronabirusa iritsi da eta agerian geratu dira arrisku horiek”.
Denbora beharra
Beharrizan nagusiaz galdetuta, hizlari guztiek bat egiten zuten erantzunean: denbora. “Saiatu 35 minututan 20 umeri jaten ematen”, erantzun zuen jantokietako langileetako batek, “gainera, ez zaigu umeen egoeraz informatzen. Nik 21 urte daramatzat jantokiko langile moduan, eta lehen urteetan bai elkarbanatzen zigutela umeei buruzko informazioa. Euren egoeraren berri baduzu aukera duzu arreta horretara moldatzeko, bestela ez”.
Jantokietako beharginek nabarmendu zutenez, gustuko dute umeekin egotea, baina ez dute horretarako denborarik.
Antzeko egoera deskribatu zuten egoitzeko langileek: “Egin proba bat etxean: kalkulatu zenbat denbora behar duzuen jaiki eta gosaltzen jartzeko. Ba guri 15 minutu ematen dizkigute persona bakoitza artatzeko, egiatan 14 minutu eta 50 segundu diren arren. Umeak edo menpekotasun egoeran dauden pertsonak badituzue pentsatu zenbat denbora behar duzuen jeiki eta gosaltzen jartzeko”.
“Egin proba bat etxean: kalkulatu zenbat denbora behar duzuen jaiki eta gosaltzen jartzeko. Ba guri 15 minutu ematen dizkigute persona bakoitza artatzeko"
Erabiltzaileen perfila aldatu dela ere ohartarazi zuten. “Orain jende gehiena egoitza pribatuetatik dator. Lehen jendea gazteago hiltzen zen eta orain erraz iristen gara 90 urte betetzera. Baina geroz eta aurrekontu gutxiago dago eta materiala erabat zaharkitua dago”.
Etxez etxeko zaintzetan, berdin. “Etxez etxe goaz korrika eta etxe bat Aretan egon daiteke eta bestea Gardean, hori Luiaondora joan behar ez bazara”.
Nola lortu daiteke denbora gehiago? Erantzun argia eman zioten galdera horri ere: “Inbertituz, inbertituz eta inbertituz”. “Egokiena izango litzateke instituzio publikoak gehiago inplikatzea eta diru gehiago sartzea, nagusientzako zein langileentzako baldintzak hobetuz, gu ondo bagaude eurak ondo egongo direlako”, azaldu zuen etxez etxeko beharginak.
“Askok COVID jarraitua dute egoitzetan, baina ez da lan gaixotasunentzat hartzen”
Gaixotasun profesionalak
Lan gaixotasunak ere izan zituzten hizpide langile guztiek. “Ditugun gaixotasun gehienak lan gaixotasunak dira, baina adinari egozten dizkiete”, salatu zuen etxez etxeko langileak. “Gero esaten dute absentismoa altua dela… baina denok hartzen dugu parazetamola gosaltzeko eta denok ditugu pomadak etxean”, gehitu zuen egoitza publikoetako beharginetako batek, eta beste datu esanguratsu bat jarri zuen mahai gainean: “egoitzetako langile askok COVID jarraitua deritzon gaitza dute, baina ez da lan gaixotasuntzat hartzen”. Egoitza pribatuetan, berdin edo okerrago: “25 pertsona altxatu behar ditugu 2 langileren artean”.
“Gero esaten dute absentismoa altua dela… baina denok hartzen dugu parazetamola gosaltzeko eta denok ditugu pomadak etxean”
Zaintzaren negozioa
Zaintza balioan jartzen ez den arren, negozio itzela dela nabarmendu zuten langileek. “Multinazionalak egoitza pribatuak eta hitzarmenezkoak eskuratzen ari dira, sare publikoa desagertzen ari den bitartean. Lan hau diru publikoarekin egiten da, baina pribatua da: enpresa pribatuei ematen diete dirua, eta gero guri ogi apur batzuk baino ez dizkigute ematen”.
Ildo horretan, hainbat datu esanguratsu eman zituen Bizkaiko egoitzetako greban egondako langileak: “Bizkaian 11 egoitza publiko baino ez dira geratzen, eta 2.000-3.000 euro ordaintzen dira plaza bakoitzeko. Ez dakit zergatik ez gauden kaleak erretzen”.
Ate birakariak ere salatu zituen emakume horrek: “Sergio Murillo, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko diputatua, Orue erresidentziako zuzendari izan zen, adibidez”.
Horren aurrean, “sistema publiko eta doako baten beharra” aldarrikatu zuten hizlariek.
“Multinazionalak egoitza pribatuak eta hitzarmenezkoak eskuratzen ari dira, sare publikoa desagertzen ari den bitartean"
Erreklamatzearen garrantzia
Babestu Elkarteko bi kide bertaratu ziren solasaldira publiko moduan, baina solasaldira batu ziren gero. Egoitzetako problematikan erabiltzaileen senideek duten garrantzia nabarmendu zuten. “Aldundiak oso pozik daude, senideek ez dugulako protestatzen”.
Aiaraldeko egoiotza pribatu batean gertatutakoa jarri zuten horren adibide moduan. “Ez zieten paseoak ematen uzten, baina bertan dauden 50 familietatik bakarrak egin zuen erreklamazioa. Alkatearekin eta Aldundiarekin hitz egin ostean lortu genuen egoera aldatzea”.
“Kartzelako erregimentzat” jo zuten pandemiak egoitzetan utzitakoa. “Gure senideek euren bizitzetako bi urte galdu dituzte”.
Gauzak hala, zerbitzu hobeagoa eskatzeko deia luzatu zieten egoitzetan senideak dituzten pertsonei. “Zaintzak guztion afera dira, baina ez gara horretaz jabetzen, horrelako egoera bat kudeatzea egokitzen zaigun arte”.
Antzeko gauza bat aipatu zuten jantokietako langileek: “Gurasoengan dago gakoa, guk eskuak lotuta ditugu. Gurasoak inplikatu behar dira, eskola ezin da haurren aparkaleku hutsa izan”.
“Gizonei eta estatuari” mezua
Aiaraldetik kanpoko bi gonbidatuk hartu zuten hitza mahainguruan. Trabajadoras no domesticadas-eko kide den Txefi Rocok (etxeko langileen kolektiboa) eta Bizkaiko erresidentzietako borrokan aritutako Soraya Garciak.
Lehenengoak aipatu zuen zaintzak direla “gizarte eta herri moduan” dugun erronka, eta baita “kontraesan eta pribilegioen iturburu” ere. “Publikora eraman behar dira, banatu behar dira, sozializatu, politizatu. Zaintza espazioak problematizatu behar dira. Ez da kasualitatea orain hitz egiten dauden guztiak emakumeak izatea, sistema kapitalista, patriarkal eta kolonialaren isla baizik”.
“Publikora eraman behar dira zaintzak, banatu behar dira, sozializatu, politizatu. Ez da kasualitatea orain hitz egiten dauden guztiak emakumeak izatea, sistema kapitalista, patriarkal eta kolonialaren isla baizik”.
Etxeko langileek bizi duten egoera ere deskribatu zuen Rocok: “Etxeko langile batzuk kalean geratu dira lana galdu dutenean, etxerik gabe, eta erresistentzia kutxa osatu behar izan dugu”. Atzerritarren legea ere aipatu zuen: “Atzerritik datozen pertsonak derrigortzen dituzte hiru urtez eskubideak murriztuta izatera. Pertsona horietako asko bost hilabetez egon dira giltzapetuta zaintzen zuten pertsonarekin, senideek esaten zutelako kalera ateratzen baziren COVID-19a hartuko zutela”.
Bukatzeko, “gizonei eta estatuari” luzatu zien zaintzaren alorrean dituzten ardurak hartzeko deia. “Hemen emakume asko badaude gizon asko orain arte oso eroso egon direlako da”.
Dena dela, “poza” adierazi zuen Trabajadoras no domesticadas taldeko kideak, mahaingurua “espazio publiko” batean egin zelako. Laudioko Batzalarrin eta Araba kaleen arteko bidegurutzean egin ziren larunbateko jardunaldiak, eta terrazetan, paseoan edota balkoietan zeuden hainbat bizilagunen arreta lortu zuten horrela.
"Borrokak beti merezi du. Uzten digutenean (orain grebetako gutxieneko zerbitzuak %100ekoak baitira) ziur denak kalean ikusiko garela”
Borrokak merezi du
Soraya Garciak Bizkaiko egoitzetan egondako greba luzearen nondik norakoak azaldu zituen. “Gatazka gogorra izan zen, baina pena merezi izan zuen”. Hala ere, bere ustez, borroka egiteko arrazoiek bere horretan diraute. “Tranpak egin dituzte adostutakoa ez betetzeko. Ez da logikoa herrialde bakoitzean hitzarmen ezberdin bat egotea. Imajinatzen duzue Arabako mediku batek Bizkaiko batek baino gehiago kobratzea?”.
Horregatik, grebak aurrera jarraitu beharko lukeela aldarrikatu zuen Garciak, “amaierara arte”. “Uzten digutenean (orain grebetako gutxieneko zerbitzuak %100ekoak baitira) ziur denak kalean ikusiko garela”.
Tiraka jarraitzeko deia
Bi mahainguru horien ostean, ekitaldia egin zuen Aiaraldeko Greba Batzordeak Herriko plazan. Hainbat sektoreetako kideek parte hartu zuten bertan, eta borrokan jarraitzeko deia luzatu zuten, udazken bizia datorrela iragarrita. “Urrirako aurreikusita daukagun urrats erraldoia aurreratzen dizuegu: bertan egingo ditugu publiko emergentziazko puntuak, eskualdeko eragile sozial eta sektore anitzen artean adostutakoak, Aiaraldean etorkizun duin bat eraikitzera bidean”.
Gauzak hala, “su txikiak” pizten jarraitzeko deia luzatu zuten, haria eten ez dadin.
OHARRA: Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 148. alean argitaratutako kronika honen bertsioan eskualdeko erresidentzia pribatu ezagun baten izena aipatzen da. Aiaraldea Komunikabideak adierazi nahi du irailaren 18an burututako solasaldian ez zela erresidentzia konkreturik aipatu, eta hizlariek erresidentzia pribatuen egoera orokorrari egin ziotela erreferentzia.