Gaur elkartu dira hirugarrene aldiz Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Saila, Tubacexeko zuzendaritza eta Enpresa Batzordea. Iragan astean hasi zuten bilera errondari amaiera eman diote.
Enplegu Sailak, bi aldeen ikuspuntua eta posizionamendua ezagututa, proposamen bat luzatuko die bi aldeei lan gatazkaren amaiera bilatzeko helburuarekin. Tubacexeko atal sindikal bakoitzaren esku geratuko da orain proposamen horren balorazioa egitea.
222 egun greban
129 kaleratzeen aurka otsailean abiatutako greba mugagabeak 222. eguna bete du gaur, eta produkzioak etenda jarraitzen du Aiaraldeko fabriketan. EAEko Justizia Auzitegi Gorenak kaleratzeak baliogabetu eta langileak berriro hartzera behartu zuen multinazionala. Azken honek, ordea, neurri estrukturalak aplikatzeko nahiari eutsi, eta Madrilgo Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuen, berrartuak izan diren langileen etorkizun hurbila zeharo baldintzatuz.