Klima aldaketaren aurka borrokatzearen garrantziaz jabetzeko jarduerak egingo dituzte

Erredakzioa 2021ko ira. 24a, 12:04
Okondon, esaterako, brigada berdea osatuko dute herrikide boluntarioekin, udalerriko kaleak garbitzeko. / Aiaraldea.eus

'Astekilma' Klimaren eta Energiaren astea ospatuko da gaurdanik urriaren 3ra. Hainbat ekintza burutuko dira Aiaraldeko zenbait udalerritan, herritarrak trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatu eta mobilizatzeko.

Gaur hasiko da Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatutako ekimenak herritarrak ezinbesteko trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatzea eta mobilizatzea du helburu. 'Asteklima' ekimena gaur hasi -irailak 24- eta urriaren 3an bukatuko da.

Aiaraldean ere hainbat jarduera gauzatuko dira datozen egunetan "klima-aldaketaren aurka borrokatzearen garrantziaz kontzientziatzeko da eta herritarrak konpromiso batera mugiarazteko". Besteak beste, zinema proiekzioak, tailerrak, txangoak edota ipuin-kontalariak programatu dituzte. Hemen kontsultatu daiteke programazio guztia. Aiaran, Amurrion, Artziniegan, Okondon eta Urduñan egingo dituzte ekintzak.

Zinema eskaintza

Amurriok jasoko du 'Asteklima' ekimeneko zinema eskaintza. Irailaren 26an, 17:30ean, umeentzako Bikes: The Movie filma proiektatuko da, klima-aldaketaren eta munduko kutsaduraren arazoak zuzenean jorratzen dituen animazio eta abenturazko filma.

Urriaren 3an, aldiz, Aguas oscuras filma eskainiko dute 19:30ean. Astelehenean -urriak 4- filmaren bigarren proiekzioa eskainiko dute, 20:00etan.

Proiekzio guztiak Amurrio Antzokian egingo dituzte, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Kirola ere klima aldaketaren aurka

Kirol jarduera ugari ere burutuko dituzte 'Asteklimaren' egitarauaren barruan. Irailaren 26an, igandea, Ipar martxa ibilaldia egingo dute Maroñon. 10 kilometroko ibilbidea izango da.

Egun berean -irailak 26-, bizikleta gainera igoko dira Artziniegan. 11:00etan ginkana bat egingo dute herrian barrena. Arratsaldean, berriz, bizikleta gaineko futbol partida jokatuko dute 18:00etan, eta herria ezagutzeko martxa egingo dute 19:00etan.

Luiaondon ere klimaren aldeko bizikleta martxa egingo dute irailaren 29an, herrian bizikletaren erabilera sustatzeko.

Hitzaldiak eta tailerrak

Urduñan hiru tailer eta hitzaldi eskainiko dituzte 'Asteklimako' egitarauaren barruan. Irailaren 24an, 26an eta urriaren 3an egingo dituzte. Lehenengoan klimaren aurkako herritarren ekimen desberdinak aztertuko dituzte, eta hauek praktikara eramateko bideak garatu. Bigarrenak uraren eta klima aldaketaren lotura izango du aztergai, Titiriteros del agua dokumentalaren proiekzioarekin. Urriaren 3ko tailerrean, aldiz, Aintzinako Amaren santutegitik abiatuko den ibilaldi batean karbonoaren zikloak basoan nola eragiten duen ikasiko dute herritarrek.

Amurrioko ikastetxeetan ere landuko dute gaia aste honetan zehar. Irailaren 27tik urriaren 1era bitartean, klima-aldaketari buruzko hainbat tailer egingo dira udalerriko ikastetxeekin, 2021-2022 ikasturteko lehen ekimen gisa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide