Kokoriko Hezkuntza Faktoriak urritik abendura arte luzatuko den hezkuntza jardueren eskaintza prestatu du. Asteburu honetan bertan ekingo diote programazioari. Urriaren 3ra arte luzatu dute ekintzetan izena emateko epea. Plaza mugatuak izango dira, eta bazkideek deskontuez gozatzeko aukera izango dute. Izen ematea faktoriaren webgunean egin daiteke.
Urriaren 2an familian jolasteko aukera egongo da 11:00etatik 12:30etara Faktorian bertan, eta, aurrerantzean, hilabeteko lehenengo larunbatetan emango diote jarraipena ekintzari. Familiak haurren jolasen parte aktibo izatea bilatzen du jarduerak, kantu jolasak, haur literatura, perkusioa edota dantza uztartuz.
Igandean, ordea, mugimendu autonomorako eta jolas librerako espazio zainduari zabalduko dizkiote ateak 11:00etatik 13:00etara. Bertan aritu ahalko dira 0 eta 3 urte bitarteko haurrak, beti ere profesional baten laguntza jarraituz. "Behaketan jarriko dugu ikuspuntua. Familian gozatzeko espazioa eta beste familiekin elkartzeko elkargunea izango da", azaldu dute Kokorikoko kideek. Urritik abendura bitarteko hilabeteko lehenengo eta hirugarren igandetan gauzatuko dute ekintza.
Urriaren 10erako ere beste jarduera bat aurreikusi dute 4 eta 10 urte bitarteko haurrei bideratua: Faktorian jolasean. Faktorian barrena jolas eta dinamika desberdinak proposatuko dituzte: sukaldaritza, esperimentazioa, literatura, eskulanak, zinema... Ekintza honi abendura bitarteko hilabete bakoitzeko bigarren igandetan emango diote segida.
Azkenik, astearte eta ostegunero, 10:00etatik 12:00etara familientzako espresuki prestatutako gunea atonduko dute, estalpean eta goxotasunean jolasteko eta lasai egoteko. Jolaserako proposamen eta materialak eskainiko dira haurren behar eta adinera egokituak.
Tailerrak
Tailer sorta ere prestatu dute Kokorikoko kideek. Besteak beste, zirku tailerra egingo dute asteartero, zirkuko profesionalek gidatutako saioetan. 17:30etatik 18:30etara 3 eta 6 urte bitarteko haurren txanda izango da; 18:30etatik 19:30etara, aldiz, 7 eta 12 urte bitartekoena.
Munduko dantzak ezagutzeko parada ere izango dute eskualdeko gazteek ostegunero egingo diren tailerretan. Zirku tailerrean bezala, bi txanda egongo dira, adinaren arabera banatuak: 17:30etatik 18:30etara 3 eta 6 urte bitarteko haurrak, eta 18:30etatik 19:30etara 7 eta 12 urte bitartekoak.
Azken tailer baten eskaintza ere zabaldu dute: Sormen atelierra. Bertan, eskualdeko sortzaileek hainbat diziplina eta materialekin esperientzia artistiko bat biziaraziko diete parte hartzaileei. Honako honetan hiru izango dira txandak eta adin tarteak: Astelehenetan 17:30etatik 19:00etara 3 eta 6 urte bitarteko haurrak, asteazkenetan 17:30etatik 19:00etara 7 eta 12 urte bitarteko haurrak eta, azkenik, asteazkenetan 19:30etatik 21:00etara 16 urtetik gorako gazteak.
Arimen gaua
Urriaren 29an, 18:00etatik 20:00etara, Faktoria beldurraren etxea bilakatuko dute Arimen Gauaren ospakizuna probestuz. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek beldurraren labirintoari egin beharko diote aurre, handik ateratzeko bidea topatu beharko dute kandelak eskutan.