Arabako Zurgintzan lan hitzarmen berria sinatu dute eta sektoreko langile gehienak Aiaraldean daude

Aitor Aspuru Saez 2021ko ira. 29a, 07:00

Maderas de Llodio da zurgintza sektorean dagoen Aiaraldeko enpresarik handiena. / Aiaraldea.eus

LAB sindikatuak oharra zabaldu du jakinarazteko astelehenean sinatu zela akordioa eta hobekuntzak ekarriko dizkiela sektoreko langileei.

Arabako Zurgintzako Mahai Negoziatzailea bildu zen astelehenean eta lan hitzarmen berria sinatu zuten parte hartzaileek. LAB sindikatuak horren berri eman du oharra zabalduta eta hurrengo hobekuntzak lortu direla azpimarratu du: 

  • Urtero soldataren %1,5eko igoera, eta hitzarmenaren amaieran KPI-arekiko berrikuspena.
  • San Jose pagaren kontsolidazioa.
  • Inaplikazio klausula.
  • Ultraktibitate mugagabea.
  • Izatezko bikoteen eta ezkondutakoen berdintzea.
  • Kategoria baxuenak (formaziozkoak) berrikusteko konpromisoa.
  • Sektoreko Berdintasun Batzordea.
  • Egutegian egun bat mugitzeko aukera, hurrengoan lanaldia jaisteko aukera irekiz.
  • Laneko bajetan osagarria hobetzea 10 hilabetetik 15era.

Langile gheienak Aiaraldean

LAB sindikatuak jakinarazi du Aiaraldean daudela zurgintzako behargin gehienak. Ibai Intxaurrondo arduradunak hala azaldu du: "Maderas de Llodio da jarduera horretako enpresarik handiena. 180 langile ditu eta lurraldean 500 inguru dira guztira. Horrez gain, Maderas de Murga ere handia da".

Maderas de Llodio konpainiak berezko hitzarmena izan arren, sindikatuak ziurtatu du hobekuntzak jasoko dituztela. Aipatutako enpresak ez ezik, zurgintzan aritzen dira baita ere eskualdeko Canciller Ayala SL, Carpinteria y ebanisteria Ibaiondo, Embalajes Urkijo, Fierro Hijos, Maderas Saratxaga, Odiaga eta Recuperacion de palets Arantzar.

LABek egindako lana aldarrikatu du

Sindikatu abertzaleak egindako ahalegina goraipatu nahi izan du, bi urte eta erdiko negoziazioaren ondoren. Halaber, batasun sindikalaren garrantzia ere azpimarratu du: "LAB langileen aktibazioa etengabe bultzatzen saiatu da, euren kabuz ekimenak abiatuz eta ahal izan den neurrian batasun sindikala sustatuz sektorea astintzeko. Horrela, azken hilabeteetako dinamika proposamenak LABek bultzatu ditu, eta argi dugu horri esker lortu dela patronala bere hasierako posizioetatik mugitzea. Joan den uztailean, 4an sindikatuok mobilizazio bateratu bat deitu genuen eta SEAko arduradunei 300 langileren sinadurak helarazi genizkien, hitzarmen duin bat eskatuz".

Azkenik, emaitzak bistakoak direla uste du LABek: "Horrela, igoerari eta San Jose pagaren kontsolidazioari esker, hitzarmenaren amaieran langileen soldatak gutxienez %6,7 igoko dira". 

Metalgintza, hurrengo helburua

Horrez gain, LABek iragarri du borroka zikloa abiatuko duela metalgintzaren esparruan. EAEko lan baldintza okerrenak Araban daudela iritzita, sindikatuak mobilizazioak deitzeko asmoa aurreratu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide