Arabako Turismo Bulegoak antolatuta, bisita gidatu antzeztuak eskainiko dituzte berriro Artziniegan eta Laudion. Antzezle profesionalek, gida baten laguntzarekin, herriko sekretuetan sartuko dituzte buru-belarri bisitariak.
Urritik abendura bitartean, hainbat asteburuetan eskainiko dituzte txangoak herriko pertsonaia historikoen eskutik, Artziniega eta Laudio beste ikuspegi batetik ezagutzeko. Bisita gidatu hauek euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dira, eta doakoak diren arren, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Izan ere, bisitari taldeak 30 lagunekoak izango dira askoz jota.
Artziniegan urriko, azaroko eta abenduko igande guztietan eskainiko dituzte bisita antzeztuak. Ibilbidea Toñin Luengas frontoitik abiatuko da igandero, 12:00etan. Guztira ordu eta erdiko iraupena izango du bisitak, eta esteka honetan egin daiteke erreserba.
Laudion urriaren 24an, azaroaren 21ean eta abenduaren 5ean jarri dituzte zitak, Lamuza Parkeko sarrerako zubitik abiatuta, 11:30ean. Erreserba hemen egin daiteke.
Ez da eskualdean horrelako egitasmo bat abian jartzen den lehenengo aldia. Aurretik ere horrelako bisita gidatuak eskaini dituzte Artziniegan, Amurrion eta Laudion, baita Laudioko Ermualdeko indusketetan ere.