Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek deia zabaldu du boluntarioak bilatzeko. Deialdi horren helburua da bitarteko ekonomiko nahikoak ez dituzten umeak babestea, ikasketetan arazoak izanez gero.
Caritasen ustez, dauden laguntzak ez dira nahikoak eta horregatik da beharrezkoa boluntarioen ekarpena. Esaterako, iaz Laudion 7 boluntario aritu ziren eta Amurrion 3.
Lan-dinamika honako hau da: ikasteko saio pertsonalizatuak eskaintzea, astean bi edo hiru, banaka edo talde txikietan, ahal dela ikastetxe eta klase bereko kideekin. Jardueran parte hartzen duten boluntarioek ikasteko teknika errazak erabiltzen dituzte: ulermenezko irakurketa, eskemak eta laburpenak egitea, azpimarratzea eta koaderno-zirriborroa erabiltzea, besteak beste.
Ikasketetan laguntzeko saio bakoitzean boluntarioak saiatzen dira haurra gustura eta konfiantzaz egoteko lan-giroa sortzen, jarrera ona eta errendimendu handiagoa lortzeko. Prozesuan, ikaskuntzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten da (bai ikastetxeetan, bai Caritasen laguntzeko saioetan), eta aldian-aldian familiei jakinarazten zaie, haien berri izan dezaten.
Caritasen eskola-laguntzako zereginak betetzen dituzten boluntarioek 2. mailako Lanbide Heziketako prestakuntza dute gutxienez. Enpatia, ardura eta jarduera egin ahal izateko zehaztutako egutegia betetzeko konpromisoa eskatzen zaie. Programako boluntario bakoitzari hastapen- eta sakontze-ikastaroak eskaintzen zaizkio, baita lanerako orientabideak eta materiala ere.
Interesdunek 945 23 28 50 telefono zenbakira dei dezakete izena emateko.