ARGAZKI ERREPORTAJEA

Tubacexeko greba mugagabeko hamaika bizipen

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 4a, 16:09

Une gogoangarri ugari utzi ditu grebak. / Aiaraldea.eus

236 egunen ondoren, amaitzear da Tubacexeko langileek 129 kaleratzeren aurka abiatutako greba mugagabea. Zazpi hilabetez luzatu den lan gatazkak eskualdeak nekez ahaztuko dituen irudiak utzi ditu. Aiaraldea Komunikabideen greba mugagabe historiko honen mugarriak bildu ditu.

236 egunez luzatu da Tubacexeko greba mugagabea, 7 hilabete. Aiaraldean urte luzetan egon den lan-gatazkarik luzeena eta handiena izan da Tubacexekoa. Hilabete guzti hauetan milaka izan dira bolo-bolo ibili diren irudiak.

Abian jartzea

Otsailaren 11n hasi zuten greba mugagabea langileek. Inork gutxik imajina zezakeen orduan etortzeke zegoena. Aiaraldeko herritarrek, ordea, argi zeukaten Tubacexekoa ez zela nolanahiko lan-gatazka izango. Lehenengo egun horietako manifestazio jendetsuak hurrengo hilabeteetan altxatuko zen olatu erraldoiaren aurrekari izan ziren.

Irudimena arma

Etapa asko igaro ditu greba mugagabeak, baina hilabete guzti hauetan bai multinazionalak berak, baita instituzio publikoek ere ahaleginak eta beste egin dituzte greba bertan behera uzteko. Beharginek, ordea, erakundeen axolagabekeriari eta komunikabide askoren isiltasun konplizeari aurre egiteko armarik eraginkorrena aurkitu dute: irudimena. Dozenaka ekimen egin dituzte  grebari oihartzuna eman eta borrokaren garra bizirik mantentzeko. Horien artean nabarmendu daitezke San Celestinen entzierroa edota dirua biltzeko ateratako egutegia. 

Buzo gorriak

Otsailaren 23ak inflexio puntua ekarri zuen greba mugagabean. Buzo gorriekin jantzita, eserialdia egin zuten grebalariek zuzendaritzako kideen autobusaren zain. Ordurako tentsioa gero eta handiagoa zen Ertzaintza eta langileen artean, eta egun horretan egin zuen eztanda. Polizia bortizki oldartu bazen ere, ezin izan zuen langileen determinazioa hautsi.

Egun horretako irudiek munduari buelta eman zioten, lan gatazkarentzako erabakigarria izango zen mediatizazioa lortuz. Ertzaintzak ere jarrera oldarkorragoa erakutsi zuen egun hartatik aurrera.

Brigada mugikorra

Hain zuzen ere, Ertzaintzak greba mugagabean izan duen papera eztabaidagai izan da. Piketeak erabat militarizatu ditu Brigada Mugikorrak neurrigabekoak izan diren operatibo polizial zabalekin. Ertzaintzak bortizki kargatu egin du langile eta herritarren aurka, bereziki otsailaren 23an eta martxoaren 25ean Laudio eta Amurrioko piketeko gertakarietan, Eusko Legebiltzarraren aurrean beharginek eginiko elkarretaratzean eta ekainaren 17ko Amurrioko epaitegi aurreko protestetan. 

Greba mugagabeak iraun bitartean, gutxienez, lau langile atxilotu ditu poliziak, eta 15 lagunetik gora identifikatu dituzte poliziaren jardunaren irudiak grabatzeagatik, tartean Aiaraldea Komunikabideko kazetariak ere. 

Pikete feminista

Greba mugagabeko irudi gogoangarrienetariko bat martxoaren 8ko pikete feministakoa izan zen. Tubacexeko emakume grebalariek eta Aiaraldeko Mugimendu Feministako kideek piketearen lehen lerroa hartu zuten, enpresan gutxiengoa izan arren, multinazionalak mahai gainean jarritako kaleratzeen gehiengoa emakumeei eragiten ziela salatzeko. Eserialdiak zuzendaritzaren autobusaren sarrera galarazi zuen, greba mugagabean lehenengo eta azkeneko aldiz.

Langile elkartasuna

Klase kontzientziaren pizgarri ere izan da Tubacexeko beharginen lan-gatazkan. Grebak enpresa eta sektore anitzeko langileen arteko elkartasun zubiak eraiki ditu, bereziki ITP-Aero, Aernnova, Bilboko Argiak eta Petronor enpresetako langileekin, hauek ere lan-gatazka eta lanuzteetan buru-belarri egon baitira Tubacexeko grebak iraun duen bitartean.

Aiaraldeko langileek ere sare estua sortu dute azken hilabetetako testuinguruak eraginda. Eskualdeko dozenaka enpresa batzordek babestu dituzte Tubacexeko grebalariak: Autoglas, Vidrala, Envases, Tubos Reunidos, JEZ... Horren adibide argiena da eskualdeko dozenaka enpresa batzordek martxoan deitutako mobilizazio eguna.

Industriatik harago, sektore publikoko edota zaintza sektoreen elkartasuna jaso dute Amurrio eta Laudioko piketeetan, baita Aiaraldeko herrietako komertzio eta ostalariena ere. Langileek antolatutako erresistentzia kutxak milaka euro jaso ditu, eta zozketa zein bestelako ekimen ugari antolatu dira dirua biltzeko. 

Joan-etorriko elkartasun olatua izan da. Izan ere, Tubacexeko langileek jasotako babes berdina adierazi dute han-hemenka piztu diren lan-gatazka eta problematiketan, Artziniegako La Encina egoitzan edota Amurrioko Berriak-BM supermerkatuetan, besteak beste.

Senideen indarra

Luze egin dira 231 egun hauek Tubacexeko grebalarientzat eta euren familientzat. Sentimendu koktel gorabeheratsua izan da greba, zalantzarik gabe, eta grebalariek bezain beste, senideek ere euren azalean bizi izan dituzte gatazkaren nondik norakoak.

Famatuak bozgorailu

Eskualdeko herritarren babesa jasotzeaz gain, pertsonaia publiko ugariren elkartasun mezuak jaso dituzte Tubacexeko grebalariek. Amaigabea da sare sozialetan langileen alde lerrokatu diren pertsona entzutetsuen zerrenda: aktoreak, idazleak, musikariak, politikariak...

Pantailetatik jauzi egin eta askok Amurrio eta Laudioko piketeetan grebalariak bisitatuta praktikara eraman dituzte elkartasun mezu horiek: Itziar Ituño aktorea, Porrotx, Oscar Matute EHBilduko diputatua edota La Excavadora taldea. Azken honek zuzeneko kontzertua eskaini zuen Amurrioko fabrikako sarreran.

Kaleratzeen baliogabetzea

Uztailaren 7an jaso zuten langileek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena. Epaileek kaleratzeak baliogabetu eta arrazoia eman zioten enpresa batzordeari. Hau da, baieztatu zuen Tubacexek neurri estrukturalak aplikatzeko baliatu nahi zuela egoera.

Ebazpena pozez jaso zen Laudio eta Amurrioko piketeetan, baita frustrazio puntu batekin ere, agerian geratu baitzen, 100 greba egun luze eta gogorren ostean, langileek hasieratik arrazoia zutela.

Multinazionalak, ordea, entzungor egin zion EAEko Justizia Auzitegiaren epaiari, Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu eta, hasiera batean, ez zien lan egiteko aukerarik eman berrartuak izan behar ziren langileei.

Hain zuzen ere, Madrilgo Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegiteak luzatu du lan-gatazka azken hilabeteetan. Izan ere, helegiteak eta enpresaren aldeko Madrilgo auzitegiaren ebazpen posible batek, kolokan jartzen zuen berrartuak izandako langileen etorkizun hurbila.

Maratoiaren azken segundoak

Greba mugagabearen azken egunak lasterketa bateko azken segundoak bezain biziak izan dira Tubacexen. Irailaren 30ean enpresa batzordearen gehiengoak Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurre akordioa ontzat eman eta afiliatuen asanbladen esku utzi zuen honen onespena. Urriaren 1eko afiliatu batzarrek hankaz gora jarri zuten aurreko egunean azaldutako enpresa batzordearen gehiengoa. STATeko afiliazioak akordioaren kontra egin zuen, LAB sindikatuak egun bat lehenago egin bezala. ELA sindikatuko kideek akordioa babestu zuten gehiengoz. CCOOk zuen azken hitza. Arratsaldean egin zen publiko azken sindikatu honen aldeko iritzia, afiliazioaren %67aren babesarekin

ELAk eta CCOOk osatzen zuten gehiengoa, ordea, ez zen nahikoa azken honen iritziz: 7 ordezkari alde 6 kontra. Bozketa orokorra saihestezina zirudien, eta agertoki guztiak zeuden zabalik.

Gaur -urriak 4- afiliatu batzarretatik ateratakoa baloratzeko bildu da enpresa batzordea, eta, orduan bai, argi berdea eman diote Jaurlaritzaren proposamenari, 236 eguneko greba mugagbeari amaiera emanez.

Aiaraldea zutik

Tubacexeko greba mugagabeak lehenengo egunetik gainditu zuen Tubacex bera. Eskualde oso batek kontzientzia hartu, eta denbora luzean Aiaraldean ikusitako mobilizazio jendetsuenak egin dira azken hilabetetan.

Baina ez dira manifestazio masiboak izan bakarrik, herritarrak antolatu dira eta aurreikuspen guztiak gainditu dituen elkartasun sare erraldoi bat josi dute. Kolektiboaren beharra zeinen garrantzitsua den ulertu du Aiaraldeak, hari berdinetik zintzilik daudela enpresa handienaren eta komertzio txikienaren etorkizuna. Horren lekuko geratuko dira martxoaren 5eko edota ekainaren 2ko mobilizazio egunak, merkatari eta elkarteek antolatutako elkartasun zozketa eta ekimenak...

Hori da Tubacexeko greba mugagabearen garaipenik handiena: bere etorkizunaren defentsan atzera pausorik emango ez duen eskualde oso bat zutik jartzea.

Aiaraldea Komunikabideak atal berezia atondu du Tubacexeko greba mugagabeko jarraipenarekin

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide