STAT eta LAB sindikatuen afiliatuen ezezkoaren ostean, kolokan dago akordioa Tubacexen, gehiengo zabala lortu nahi baitu CCOOk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 1a, 12:22

Edu Ibernia ELAko delegatuak heman du afiliazioaren posizioaren berri. / Aiaraldea.eus

Tubacexeko sindikatuek batzarrak deitu dituzte gaur zuzendaritzak aurkeztutako azken aurre akordioari oniritzia eman edo ez erabakitzeko, eta afiliatuek dute hitza orain. STATeko afiliazioaren gehiengoa akordioaren aurka azaldu da. ELAkoak aldiz, babestu du proposamena. LABek ere ezezkoa adierazi du eta horrek guztiak zalantzan jarri du akordioa, CCOOk gehiengo zabalaren adostasuna nahi baitu dokumentua sinatzeko.

Goizean zehar hasi dituzte bilerak enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiek . ELAk, ohikoan bezala, San Martin futbol zelaian batzartu ditu afiliatuak, LABek Amurrioko San Anton elizan elkartu ditu sindikatuko kideak, CCOOk Basarteko zelaian egin du bilkura.

STATeko afiliazioa aurka

STAT sindikatuak egindako bozketaren emaitzak eman dira ezagutzera lehenik eta behin. 67 botorekin afiliazioaren gehiengoa akordioaren aurka agertu da, kontrara, STATeko 47 afiliatuk eman dute aldeko botoa.

Sindikatuko arduradunek, ordea, Independienteekin batera, langile guztien bozketa orokor bat eskatu zuten atzo, afiliatuak ez dauden langileek ere iritzia eman dezaten. Hain zuzen ere, arratsaldean egingo dute Independenteek akordioaren gaineko eztabaida, prozedurarekin ez baitzeuden ados, eta bozkatuko duten ere argitu behar dute.

ELA alde

ELA sindikatuak agerraldia egingo du 13:00etan, baina jadanik jakinarazi da bere kideek akordioaren alde egin dutela: 125 alde, 50 kontra, 2 zuri eta boto baliogabe bat.

Tubacexeko sindikatuen gehiengoak, LAB salbu, ontzat eman zuen atzo zuzendaritzak aurkeztutako akordio proposamena. Horrenbestez, afiliatuen batzarrak deitu dituzte gaurko egunean zehar lan-gatazkari amaiera emango liokeen akordio hori berresteko.

Akordio horren arabera enpresak helegitea erretiratuko luke, aitortuta ez zegoela kaleratzeak egiteko arrazoirik, eta enplegua eta inbertsioak 2024ra arte bermatuko dira, zenbait moldaketen truke: Lan orduak 40 orduz handitzea urtean, lan-hitzarmena 2025era arte luzatzea eta soldatak hiru urtez izoztea.

CCOOk dauka giltza

CCOOk arratsaldean emango du aditzera afiliazioaren iritzia. Dagoeneko sindikatuko kide batzuek botoa eman dute goizean, baina arratsaldean jasoko dituzte iritzia guztiak, eta orduan emango dute behin betiko emaitza eta erabakia. Sindikatuko ordezkariek enpresa batzordeko gehiengo zabala akordioaren alde agertzen ez bada, ez dutela hau babestuko adierazi dute batzarrean.

Horrek esan nahi du ELArekin bakarrik ez dutela ituna sinatuko. Horrek, aldi berean, egoera berria sortuko luke, eta CCOOk proposatuko luke langile guztien artean bozkatzea akordioaren sinaketa.

LAB aurka 

Aurreikusi moduan, LAB sindikatuak ezezko botoa eman dio akordioari. Sindikatuak iragarri zuen ez zuela ez kaleratzerik ez murrizketarik onartu eta desadostana agertu du 3 puntutan, nagusiki:

  • "Akordioan soldatak ia 4 urterako izoztea planteatzen da, 2025ean galdutako erosteko
    ahalmena berreskuratuko dugunaren bermerik gabe.
  • Enplegu-berme bat planteatzen da, langile-kopuruari buruz hitz egiten duena, baina ez
    pertsonei buruz.
  • Eta onartezinena dena: lanaldia 3 urtez lanaldia 40 orduz luzatzea planteatzen du.
    Horrek, langileen lan-baldintzak okertzeaz gain, hurrengo 3 urteetan 50 lanpostu baino
    gehiago sortzeari uko egitea da. Aiaraldeko eskualdeko lanpostuak dira, eta horregatik
    LABek ezin du akordioa babestu".

Independenteek ez dute bozkatu

Sindikatu Independenteak bilera egin du arratsaldean eta ez da bozkatzera heldu. Izan ere, independenteek adierazi dute akordioari buruz Tubacexeko langile orok eman behar dutela iritzia, eta ez soilik afiliatuak daudenak.

Gauzak horrela, bere erabakia izan da bozketa orokorra exijitzea Langile Batzordeari.

Beste bozketa bat?

Esan bezala, gaurko bozketaren ondoriozko gehiengoak ez badira argiak akordioaren alde, oraindik egon daiteke beste aukera langileen artean egoera desblokeatzeko. Hori izango litzateke Tubacex enpresako behargin guztien bozketa antolatzea.

Edonola ere, gaur arratsaldean jakingo da zenbat sindikatuk babesten duten akordioa (ELAk eta CCOOk gehiengoa izango lukete, berez) eta zer nolako jarrera nagusitzen den.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide