IRITZIA

Tubacexeko grebalariek garaipen historikoa lortu dute, orain ikusteko gai ez badira ere

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 5a, 09:18

Gaur sartu dira lanera Tubacexeko langileak, greba mugagabea amaituta. / Aiaraldea.eus

Langile Batzordeko sindikatuen artean azken egunetan egondkao gorabeherek desitxuratu dute bistakoa dena eta hain hurbil izanda, ikusteko gai ez garena: Tubacex enpresako greba historikoa izan dela zentzu guztietan eta eskualdea zein Euskal Herria astindu duela. Eusko Jaurlaritzatik CONFEBASKera, hedabide publiko zein pribatuak ahaztu gabe, guztien jarduera baldintzatu dute grebalariek.

Atzo amaitu zen Tubacexeko greba. 236 egun luze eta biziak izan dira eta azken egunetako desadostasunek eta akordioari buruzko iritzi kontrajarriek eragin dezakete zuhaitzek basoa ikusten ez uztea. Izan ere, Amurrio eta Laudioko langileek burutu duten lanuzteak marka guztiak hautsi ditu eta multinazionaleko zuzendaritza menderatu du, ez bada guztiz izan, behintzat bai kaleratzeak ekiditeko haina.

Orain, hainbat grebalarik zapore gazi-goxoa dute ahoan, egia da. Berez, 5 egun gehiago lan egitera behartuak egongo dira urtero, gutxiago kobratuta (soldata berdin mantenduko baita, lanaldi handiagoa izanda). Neurri ulergaitza lan karga ez dagoela errepikatzen duen konpainia batean. 

Ezin ukatu enpresak saria eraman duela, baina bere garaipena huskeria baino ez da. Beste herrialdetan ehunka langile utzi dituzte kale gorrian inongo arazorik gabe eta hemen, "etxean", atzera egin behar izan dute. Badirudi ahaztu dela enpresako zuzendaritzaren harropuzkeria, negoziatzeko gaitasun eta borondate eza eta etengabeko mehatxuak. Maiatzean behin eta berriro aipatzen zuten protestek lantegien bideragarritasuna zalantzan jartzen zutela, iradokita produkzioa beste lurralde batera eramango zutela. Beldurraren karta ez da geratu jokatu gabe gatazka horretan, eta hori guztia berriro ahoan sartu eta irentsi behar izan dute Tubacexeko agintariek, euren faltsukeria agerian utzita.

Eta hori ez da oroimen kolektibotik ezabatu den gauza bakarra. Antza, akordioaren sinadurak desagerrarazi du langileek pairatutako indarkeria poliziaren eskutik eta hedabide publiko zein pribaturen bazterkeria, kriminalizazioa eta gerra psikologikoa, grebalarien arteko liskarrak sortzeko itxaropenarekin.

Atzo korrika eta ukondoak emanda argazkia eta adierazpenak bilatzen zituzten hedabide berdinek nekez zapaldu dute Laudio eta Amurrio eta inoiz ez diete piketeei edo grebalariei euren iritzia galdetu. Zuzendaritzaren tesien bakarrizketek ez dute etenik izan irratian, telebistan eta egunkarietan eta uztailetik aurrera, hori nahikoa ez zenez, gezurrak eta "informazio anonimoak" biderkatu ziren.

Gauza ez oso ezberdina esan daiteke erakunde publikoei buruz, zeintzuek ez duten apustu garbirik edo aldarrikapen irmorik egin langileen alde. Alegia, enpresak SOS deia zabaldu duenean soilik sartu da Eusko Jaurlaritza buru-belarri gatazkan, irtenbide bila.
Baina horretara heltzeko, orduak eta orduak, egunak eta egunak, eta hilabeteak eta hilabeteak igaro dituzte grebalariek faktorien ateetan, soldadu obsesibo gisa, euren etorkizunaren zaintzaile.

Eskualde bat kapitalaren aurka

Halaber, kreditu gehien-gehiena beharginena bada ere, ezin da ahaztu Aiaraldea osoa egon dela euren atzean, euren borroka babesten. Duela ez asko jendeak gogoratzen zuen Aiaraldea langileez osatutako tokia zela, Aceroseko liskarrak oroituta. Egun, errealitate hori azalean dago berriro.

Bistakoa da zenbat ikur dauden balkoietan, zenbat jendek bete dituen kaleak eta zenbatek egin dituzten ekarpen ekonomikoak edo beste mota batzuetakoak greba luze horretan. Arrazoiak anitzak izan dira, eta guztiak txalogarriak. Ostalariek eta merkatariek ulertu dute kaleratzeek eskualdeko gainbehera ekonomikoan sakonduko zutela eta politikoki kontzienteagoak zirenek CONFESBAKen ordagoari erreparatu diote. Tubacexeko kaleratzeak gauzatuz gero, dudarik gabe beste asko gertatu behar ziren EAEn, eta Tubacexeko Stalingrado txikiak kikildu ditu enpresa handiak. 

Horren adibide argia da grebako lehen hilabeteetan gatazkan ari ziren enpresa handiak ugariagoak zirela. Ordea, hilabeteek aurrera egin ahala, ez dira izen berri handiak batu (bai, ordea, txikiagoak diren batzuk).

Ibilbide nekagarri horretan sektore guztiek lortu dute lan gatazkak fabriken eremua gainditzea eta gizartearen bihotzera eramatea. Zentzu horretan, merezi du aipatzea mugimendu feministaren ekarpena, Martxoaren 8an bereziki, egun horretan autobusek buelta eman behar izan baitzuten, lehen eta azkeneko aldiz. 

Historiaren atal bat idatzi da

1966an Bandas de Frío Etxebarri enpresak Frankismo garaiko grebarik luzeena egin zuen. 163 egun izan ziren. Tubacexeko kopuruarekin alderatuta, ez dirudi hainbeste, baina ondorioak kontrakoa izan behar du. 163 egun zenbaki ikaragarria bada, 236 erokeria hutsa da. Meritu apur bat ere ezin zaio kendu mobilizazioari eta, ziurrenik, urteak igaro ahala, jendeak bere neurrian baloratuko du erresistentzia eredua. 

Eta aurreratu dezakegu, gainera, okerrena heltzeke dagoela. Hilabete hauetan langileei egurra eman dietenek, edo ikusezin bilakatu dituztenek, oportunismoa baliatuta gogoratuko dute gertatutakoa euren dokumentaletan, filmetan, saioetan, liburuetan eta artikuluetan.

Gehitu beharra dago askoren ustez grebak ez dituela bere helburu guztiak bete, baina zerrendan ez zeuden xede askoz gehiago jarri ditu mahai gainean: langile izatearen harrotasuna, komunitatearen babesaren garrantzia, antolakuntzaren beharra (bai erresistentzia kutxa sortzeko zein mobilizazioak antolatzeko), elkartasunaren eta batasunaren balioa eta boteretsuen despotismoari aurre egiteko beharra, bitarteko guztiak baliatuta.

Historiaren beste atal bat dator

Amaitzeko, etorkizunari ere erreparatu behar zaio. Greba hasi zenean, gutxik egiten zuten langileen alde, arrazoi ugari medio: "Tubacexeko beharginak jadanik ez dira aspaldikoak", "grebek ez dute ezertarako balio", "multinazionalen aurka ez dago zer egiterik"... Argudio horiek guztiak erori dira. Borrokak balio du.

Urte hasieran, ez zegoen Tubacexen langile asko euren buruak erresistentetzat edo langile klaseko heroitzat jotzeko moduan. Ez zegoen epika gogorik ezta grinarik, inor ez zegoen irrikan barrikadak eraiki eta erretzeko. Baina errealitateak ataka batean jarri zituen ehunka lagun eta familia eta ez zioen arazoari izkin egin.

Gaur egun, enpresaren planak gelditu dituzte eta harrotasunez sartuko dira lantegietan. Ez ahaztu martxoan kaleratuen umiliazio sentimendua zein zen eta zer nolakoa den egun euren autoestimua. Bidean, eskarmentu mordoa utzi dute, baita orbainak ere, baina borroka gertutik bizi izan dutenek badakite gauzak aldatu daitezkeela eta ikusteke dago eredu horrek emaitzak ez ote dituen emango etorkizunean bestelako gatazketan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide