TRIGGER

"Soilik txeloarekin joko dut punk, stoner, rock eta techno musika Faktorian"

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 6a, 07:00

Eñaut Zubizarreta musikaria dago Trigger proiektuaren atzean.

EÑAUT ZUBIZARRETA (Aretxabaleta, 1992) Trigger proiektuaren burua da. Musikariak kontzertua eskainiko du Faktorian larunbatean. Ezohiko ikuskizuna izango da berea.

Triggeren musika eskaintza nahiko ezohikoa da Euskal Herrian. Zertan datza?

Taularatzen ditugu musika tresna batzuk musika klasikora lotuta daudenak, baina musika mota horretatik kanpo kokatuta. Zehazki, biolontxeloa baliatzen da. Oso tresna hermetikoa da, eta rocketik etorritako estiloak jotzea ez da oso arrunta. 

Lehenengo diskoan punka eta rapa uztartu nituen, baina bigarren honetan bestelako proposamen estetikoa egin dut. Gehiago sakondu dut ikerkuntzan, teknika anitzetan eta horrela musika instrumentala soilik sortu dut.

Ikuskizunaren egiturari dagokionez, lehenik eta behin, txeloa bakarrik jotzen dut. Hurrengo zatian hirukote eredua jarraitzen dut eta azkenik looper eta pedal efektuekin aritzen naiz dantzari garaikide batekin.

Zein musika genero jorratzen dituzu?

19 kantu ditut eta, esan bezala, lehenengo diskoan genero jakinak jotzen nituen, baina ez bigarren honetan. Edonola ere, topa daitezke grungea, hardcorea, stonera, flamenkoa, punka... denetarik. 

Egia da hirukote gisa aritzen garenean rock kutsu orokorragoa duela, gehienbat, stoner, metal eta postrock estiloak.

Hirugarren zatian technoan sartzen naiz buru-belarri, baina zentzu zabalean: trance, drum´n´bass, techno arabiarra...

Proposamen ezberdina eginda, dantzaria eta musikariak topatzea zaila izan zaizu?

Bai, baina bide luzea egin dudanez txeloarekin, jende asko ezagutzen dut. Hortik jo dut. Esaterako, dantzaria Bartzelonan ezagutu nuen eta laguna da. 

Musikariei dagokienez, batekin orkestra batean topo egin nuen eta sumatu nuen txeloa jo arren, rock arima zuela. Horrela fitxatu nuen.

Bestea kataluniarra da izatez, baina Eibarren bizi da. Ezagutzen nuen bistaz eta zerbait entzuna nuen berari buruz. Gero Interneten hasi nintzen bilatzen eta aurkitu nuen bera ere txeloa beste modu batean jotzeko proiektua zuela eta harremanetan jarri nintzen berarekin.

Teknika falta izan da erronka nagusia. Euskal Herrian ez da oso ohikoa eta trebatzeari ekin nion. Kiku, kataluniarra, nahiko jantzita dago, baina zerbaitean sakondu behar izan genuen eta Jokin ez zuen musika modernoko jakintzarik eta lan kolektiboa izan da. Elkarri lagundu, erakutsi... eta taldea sendotu dugu horrela. 

"Musika Klasikoko Goi Mailako Interpretazio ikasketak egin nituen"

Dena den, zure trebakuntza klasikoa da, ezta?

Bai, Musika Klasikoko Goi Mailako Interpretazio ikasketak ditut eta gero hasi nintzen nire kabuz jolasten. Ondoren, Bartzelonara itzuli nintzen berriro. Klase partikularrak hartu nituen Martin Melendez kubatarrarekin eta berarekin ikasi nituen groovearen oinarriak, pentsamendu bertikala eta teknikaren oinarriak.

Gero nire etxean ikertzen nuen, bideoak ikusi, eta ikastaroa egin nuen Kolonian, Alemanian. 
Mundu osoko jendearekin batu nintzen, hizlariak maila handikoak ziren eta horrela hasi nintzen trebatzen musika hizkuntza modernoan. 

Lisäbo edo Mursego zure erreferenteak izan dira Euskal Herrian, ez?

Kontua da nire helburua ez dela izan txeloa sartzea talde arrunt batean, baizik eta txeloan oinarritzea musika. Ez dut arkua eta melodia luzeak baliatzen, baizik eta hizkuntza modernoa, teknika pilo hatzamarrekin eta arkuarekin. 

Zentzu horretan, Euskal Herrian ez dago ezer, nik amerikarrei erreparatu diet gehiago. Estatu Batuetan sortu zen 1970eko hamarkadan chop izeneko teknika, arkuarekin soka kolpatuta. Perkusio soinu harmonikoa ematen du horrek.

Esan bezala, Estatu Batuetan garatu dute, gehienbat, eta hor arazoa da transmisioa. Ez da gauza bera entzutea, ikustea edo idatziz egitea.

Hor, adibidez, estatubatuar bat eta kataluniar bat, Casey Driessen eta Oriol Saña, ari dira "World of Chop" proiektuarekin, chopa notazio baten bidez estandarizatzeko edo batzeko. Bestela, ez dago ezer finkoa eta ezin da transmititu belaunaldiz belaunaldi. Zentzu horretan izan dira amerikarrak nire erreferenteak. 

Proiektu aitzindaria izanik, nola erantzun du publikoak?

Harrera oso ona ari da izaten baina 2019an hasi zen. Izan ere, diskoa eta liburua argitaratu ditut, teknika horiek guztiak Euskal Herrira ekartzeko. Gida metodologikoa sortu dut, txeloarekin erabil daitekeena, baina baita bibolinarekin, biolarekin eta kontrabaxuarekin. Oztopo handia izan zen finantzaketa lortzea, denbora inbertsio handia izan baita, eta zorionez, ezuste positiboak izan ditut.

Trigger da esku artean duzun proiektu bakarra?

Ez, Bartzelonatik itzultzean 2016an Wood Strings taldea sortu nuen eta disko bat baino gehiago daukagu jadanik.

Zer esango zenioke Faktoriara etortzea baloratzen ari denari?

Alde batetik, esango nioke aukera izango duela ikusteko emanaldi bat zeinean txeloa beste modu batean joko den, ez gehigarri moduan, baizik eta musika tresna nagusi bezala.

Horrez gain, proposatzen diet nire abestiak entzutea urriaren 7tik aurrera, plataforma guztietara igoko baititut, irekiera moduan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide