Gaur argitaratu da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berria. Tubacexeko langileak atzo -urriak 5- bueltatu ziren lanera, kaleratzeak saihesteko 236 egunez luzatu den greba mugagabe historikoaren ostean. Aiaraldea Komunikabideak erreportaje zabala osatu du Euskal Herriko langile borrokan mugarri bilakatu den lan gatazkaren amaierari buruz. Besteak beste, zazpi hilabete hauetako laburpena eta etorkizunera begira eskualdean aurkezten diren erronka eta aukeren inguruko analisi sakona plazaratu ditugu agerkarian.
Gai gehiago sakonean
Tubacexetik harago, gai gehiago ere lantzen ditu hamabostekari berriak. Horien artean dago Otsemeak Amurrioko Neska* Gazte Taldeak aurkeztutako eraso matxistak salatzeko tresna berriaren inguruko erreportajea. Laudioko 'Kulturzaleak' egitasmoaren nondik norakoak ere aurkituko ditu irakurleak. Izan ere, Lamuza Parkea herriko kultur sorkuntzaren epizentro bilakatzeko proposamena garatu dute Laudioko eragile kulturalekin batera.
Elkarrizketak
Elkarrizketa sorta prestatu dugu 149. zenbakirako. Elene Urquijo ilustratzailearen, Ane Cuesta zinemagilearen, Eneko Marigorta eskubaloi jokalariaren, Unai San Pedro kazetariaren eta Dori Ortiz petanka jokalariaren hitzak aurkituko ditu irakurleak hamabostekarian.
Banaketa puntuak
Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, ikastetxe eta kaleetan. Honako banaketa puntu hauetan topatu daiteke, besteak beste:
- Aldai plaza (Laudio)
- Abasto plaza (Laudio)
- Luiaondoko supermerkatua
- Laudioko kiroldegia
- Artziniegako frontoia
- Atxetako Dia
- Amurrioko Eroskia
- Orozkoko frontoia
- Urduñako supermerkatuak
- Faktoria (Laudio)