Egoera ekonomikoa, soziala edo hezkuntza-esparrukoa edozein dela ere, pertsona orok buru osasuna eskuragarri izatea aldarrikatuko du ASASAMek datorren urriaren 10ean, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean. Desberdintasun sozialetan eta hauek buru osasunean duten eraginetan jarri du arreta elkarteak.
Desberdintasun sozialen eragina
"Buru osasuna beharrezko eskubidea da" lelopean burutuko dituzte aurtengo jarduerak, horretan inbertitzeak mundu mailan duen garrantziaz ohartaraztea helburu. Genero, adin, etnia, diru-sarrera, hezkuntza edo bizilekuaren araberako desberdintasunak murrizteko estrategiak eta neurriak eskatu dizkio ASASAMek administrazioari. Izan ere, desberdintasun guzti horiek eragin zuzena dute pertsonen osasunean. Esaterako, diru-sarrera txikiak dituzten pertsonek 1,5 eta 3 aldiz aukera gehiago dute buru osasuneko arazo bat izateko, diru-sarrera altuagoak dituzten pertsonak baino.
Genero ezberdintasuna ere faktore baldintzatzailea da. ASASAMek eskainitako datuen arabera, Espainiako Estatuan ohikoagoak dira buru-gaixotasunak emakumeen artean gizonen artean baino, %14,1 eta %7,2, hurrenez hurren.
Beste faktore batzuk ere zerrendatu dituzte, hala nola: adinagatiko ezberdintasuna, hezkuntza-ezberdintasuna edota arrazakeriagatiko ezberdintasuna. Enplegu tasan ere jarri dute arreta. Izan ere, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen enplegu tasa %16,9koa da, eta kopuru hori desgaitasun guztien arteko txikiena da.
Buru osasunean dagoen inbertsio urria salatu du Mari Angeles Arbaizagoitiak, ASASAMeko presidenteak. Hori dela eta, buru osasuneko arazoak dituzten pertsona askok ez dute beharrezko arreta jasotzen, horretarako eskubidea izan arren.
Neurri zehatzak
Gaur goizean Laudioko Kasinoan egindako aurkezpenean hainbat neurri zehatz proposatu dituzte ASASAMeko kideek buru osasunaren esparruan dauden ezberdintasunak murrizteko. Hauek dira zerrendatu dituzten neurrietako batzuk:
- Landa-eremua buru osasunerako baliabide egokiz hornitzea.
- Genero-ikuspegia txertatzea.
- Kontzientziazio kanpainak abiaraztea.
- Adinekoak lagundurik sentitzeko eta beren bakardade-sentsazioa murrizteko ongizate egoera sustatzea.
- Hezkuntza esparruan prebentzioa eta hezkuntza inklusiboa sustatzea.
- Jokabide arrazistak desagerrarazteko kontzientziazio-kanpainak abiaraztea.
- Errefuxiatuei, migratzaileei, asilo-eskatzaileei edo inoren kargura ez dauden adingabeei dagokienean, buru osasuneko beharrak ebaluatzea eta kolektibo horien premiak asetzea.
- Inbertsio publikoa handitzea.
- Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak lan-munduan txertatzeko erraztasunak jartzea.
- Pertsona horiek guztiek baliabide soziosanitarioak eskura izatea.
Azken neurri horri dagokionez, ASASAMeko kideek bizitoki-plazak ugaritzea eskatu dute. Elkarteak urteak daramatza mota horretako baliabideen garrantzia aldarrikatzen eta eskualdean horrelako bizitoki bat eskatzen.
Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna
Buru-gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Aiaraldeko elkarteak jarduera ugari antolatu ditu urriaren 10eko Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Datorren urriaren 17an -larunbata- Luiaondora martxa antolatuko dute Laudioko zein Amurrioko plazetatik abiatuta. Inskripzioak 3 euro balioko izango du eta laster zabalduko dute izen ematea eskualdeko udaletxeetan.
Urriaren 30ean buru osasunaren aldeko futbol partida jokatuko dute Ellakuriko zelaian. CD Laudio eta Zaramaga CF futbol taldeek parte hartuko dute topaketan.
Azkenik, ASASAMeko erabiltzaileen sorkuntza lanen erakusketa antolatuko dute Amurrion eta Laudion. Amurrion azaroaren 2tik 7ra egingo dute Kultur Etxean. Laudion, berriz, azaroaren 12tik 19ra egingo dute erakusketa Kultur Etxeko Aldai aretoan.