Urduña eta Amurrio arteko trenbideko zubia berrituko du Adifek

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urr. 11a, 15:52

Nerbioi ibaia zeharkatzen du zubiak. / Adif

523.827,68 euroren truke esleitu dute obra. Sei hilabeteko epean amaitzea aurreikusi dute.

Urduña eta Amurrio arteko trenbideko zubia (Nerbioi ibaia zeharkatzen duena) berrituko du Adifek. Lan hori esleitu berri du enpresak, 523.827,68 euroren truke. Obrak sei hilabeteren buruan amaitzea aurreikusi dute. 

Hainbat jarduera barnebiltzen ditu proiektuak. Hasteko, lursaila egonkortu eta mailakatuko da eta gaur egun dauden hormigoizko pasealekuak kenduko dituzte. 

Horrez gain, harlauza berria jarriko dute, iragazgaizte-tratamenduarekin. Plataforman pilatzen diren urei irteera emateko bideak ere diseinatuko dira, eta metalezko baranda berriak jarriko dira.  

Bukatzeko, trenbide zatia aldatuko dute, makinaria astuna baliatuta. 

PSE-EEn balorazioa

Aiaraldeko PSE-EEk oharra plazaratu du albistea dela eta. Alderdi sozialistako kideek positiboki baloratu dute Espainiako Gobernuak trenbide sarean egingo duen inbertsio hori, eta eskualdean martxan dauden beste hainbat egitasmo goraipatu dituzte, geltokien irisgarritasuna hobetzeko lanak tartean. 

PSE-EEren iritziz, inbertsio horiek oso garrantzitsuak dira, Adifek “denbora gehiegi” zeramalako azpiegitura horietan beharrezko inbertsioak egin gabe. Ildo horretan lan egiten jarraituko dute sozialistek, “eskualdeko bizilagunen arazo eta beharrizanak instituzio guztietako aurrekontuetan eta agenda politikoetan egon daitezen”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide