LAB sindikatuak publiko egin du Tubacex enpresako zuzendaritzak trabak jartzen dizkiela euren oporrak hartu nahi dituzten langileei. Antza, konpainiak bi aukera eman dizkie beharginei, edo oporrei uko egitea diruaren truke, edo dagokien atsedenaldia hartzea, baina datak hautatzeko askatasunik gabe.
"Enpresak argudiatzen du ez duela langile nahikorik ekoizpenari aurre egiteko. Ondorioz, lanera itzultzen direnek agiria sinatu behar dute zeinean adierazten duten oporrak greban izan zituztela, diruaren truke, jakina. Besteei, opor egunak hartu nahi dituztenei, aldebakartasunez ezarri nahi dizkiete datak, legez kontrakoa dena".
Grebaren kudeaketa enpresaren aldetik, gatazkaren sorburua
236 eguneko grebak Tubacexen hainbat tirabira utzi zituen langileen eta enpresaren artean. Horietako bat izan zen oporren ordainketa.
Zuzendaritzak argi azaldu zien udan grebalariei ez zuela kitatuko diru kopuru hori eta kobratzea nahi izatekotan, epaitegira jo beharko zutela. Erabaki hori izan zen multinazionalak hartutako bidea protesta ekonomikoki itotzeko, baina behin lanuztea amaituta, enpresak berak aurre egin behar dio sortutako egoerari.
Izan ere, legez, Tubacexeko langileek ez dute oporrik hartu, greban egon baitira. Orain multinazionalak lan indar guztiak behar ditu ekoizpena berriro abiatzeko eta behargin batzuek euren opor eskubidea baliatu nahi dute urteari geratzen zaizkion hilabeteetan. "Beste behin ere, zuzendaritzaren kudeaketa okerrak arazoak ekarri ditu enpresara", adierazi du LABeko ordezkariak.