IRITZIA

Tubacexeko grebalariak izan dira Calvin Kleinen azken bildumaren inspirazioa?

Aitor Aspuru Saez 2021ko urr. 16a, 09:00

Calvin Kleinen azken bildumak marra horia eta grisa jartzen ditu modan. / LAB Tubacex

Calvin Klein marka ospetsuaren azkenengo diseinuen artean, badaude batzuk Tubacex enpresako langileen uniformea gogoratzen dutenak. Kasualitatea?

Atzo Tubacexeko eta Aceralavako LAB sindikatuko twitter kontuak txiokatu zuen mezu bat zeinean iradokitzen zuen Calvin Klein enpresa famatua Tubacexeko koloreetan inspiratzen zela bere azkenengo bilduman.

Kasu batzuetan (barruko arropan gehienbat), eztabaidarako tartea ematen zuen iritziak, baina kamisetaren kasuan nekez ez du topatuko ikusleak bistako antzekotasuna. Marrak grisak eta horiak Tubacexeko grebalariek eraman dituzte leku batetik bestera, Amurriotik Laudiora eta handik Bilbora, Gasteizera eta baita Madrilera ere.

Batzuek pentsa dezakete ideia hori iradokitzea (munduko marka garrantzitsu batek borrokan zeuden langile batzuetan topatzea inspirazio estetikoa) burua galtzea dela, baina modari erreparatzen badiogu, gertakizun arrunta da.

Berez, moda diseinatzaileak etengabeko bilaketan daude eta ez da zaila imajinatzea Calvin Kleineko langile baten batek eskualdeko grebalarien argazkiak edo bideoak ikustea eta nolabaiteko balio erantsia topatzea bertan. Arrazoi nahikoa diseinu berriak inspiratzeko.

Esan bezala, ez da joera berria. Esaterako, 2014an H&M markak barkamen publikoa eskatu behar izan zuen. Emakume kurduak munduko albistegi guztietan agertu eta gero, Estatu Islamikoari bere lehenengo porrot ikusgarria eragiteagatik, konpainiak diseinua garatu zuen PKK-ko emakumezko gerrillarien jantzietan oinarrituta.

Sare sozialetan askok gogoratu zioten markari emakume horiek ez zirela borrokatzen, eta askotan hiltzen, modan egoteko, baizik eta bere askatasunaren alde. Ondorioz, arinkeritzat jo zuten arropa horren komerzializazioa.

Marka berak, H&Mk, kamiseta eredu bat erretiratu behar izan zuen bi urte lehenago. 2012an SAT sindikatuko kideek supermerkatu batean hainbat produktu hartu zituzten beharra zuten pertsonen artean banatzeko. Handik gutxira, enpresak "Food to the people" -janaria herriarentzat- leloa zuen kamiseta sortu zuten, baina hautsak harrotu zituena izan zen logoaren azpian jartzen zuela "Rafael Sanchez Gordillo", hau da, Marinaledako alkate, komunista ospetsu eta SATeko militantearen izen-abizenak.

Gatazka eta Ekialde Hurbila burutik galdu gabe, nabarmentzekoa da zapi palestinarrari gertatutakoa. Garai batean herri horren elkartasunaren ikur izandakoa, osagarri arrunta bilakatu zen Balenciagak horretan oinarritutako diseinua saldu zuenean. Enpresa handiek ez zuten denbora asko behar izan bere bertsioa egiteko eta, adibidez, Zarak gauza bera egin zuen, nahiz eta bere diseinatzaile garrantzitsuenetako bat -Vanessa Perilman- sionista sutsua izan eta modelo palestinar bat iraindu eta jazan zuen sare sozialetan.

Irakeko inbasioaren garaian ere, arropa militarreko koloreak pasareletan biderkatu ziren eta marka are merkeagoei erreparatzen bazaie, ohikoa da lider politiko -Angela Davies, esaterako-, talde punk edo kolektibo politiko askoren diseinuen lapurreta edo kopia, inolako zalapartarik sortu gabe.

Aurrekari horiek guztiak aintzat hartuta, eta oker egoteko arriskua presente izanda, ez da hain zentzugabea pentsatzea Calvin Kleinek erreferentetzat hartu dituela Tubacexeko grebalariak hainbat iruditan ikusi ostean. Hori bai, arrazoi estetikoengatik, eta ez, Aiaraldeko gizarteak egin duen moduan, alde etikoari esker. Izan ere, modan aritzen diren enpresa handiei berdin zaie zein balio sustatzen dituzten euren diseinuek (batzuetan ironian edo zinismoan erortzen baitira), eta bilatzen dutena da, argi eta garbi, besteen ospea edo lorpenak parasitatzea dirua eskuratzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide