EGITARAUAK

Arimen Gaua, Aiaraldea zirikatzeko prest

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urr. 25a, 07:00

Arimen Gaua ospatzeko joera nabarmen handitu da azken urteetan eskualdean.

Laudion, Okondon, Amurrion eta Urduñan ekintza andana prestatu dituzte urriaren 31rako. "Beldur laberintoa", "Arimen ibilbidea", dantzak, beldurrezko gaileten tailerra... eskaintza zabala izango da eskualdean.

Urriaren 31n izango da Arimen Gaua. Tokian toki, hainbat joera eta ekitaldi nagusituko badira ere, beldurra eta kalabazak izango dira igandeko osagai nagusi. Sormena ere ez da faltako, formatu ugaritan gainera. Izan ere, jolasak, tailerrak eta festak uztartuko ditu Aiaraldean Arimen Gauak. Kokoriko Hezkuntza Faktoriak bideoklupa sortu zuen iaz, eskualdeko beste elkarte batzuekin elkarlanean eta Xanduli Manduli esaera zaharra ardatz:

Faktorian "Beldurrezko laberintoa" egingo dute 12-16 urteko gazteentzat hilaren 31n, 18:00etan

Aurten, baina, "Beldurrezko laberintoa" sortuko dute Aiaraldea Ekintzen Faktorian, 12-16 urte bitarteko gazteentzat. 18:00etan hasiko da ekintza, eta ez da aurrez izenik eman beharko.

Okondon, gailetak ardatz

Janari bueltan elkartuko dira okondoarrak hilaren 31n. Hain zuzen, ikarazko gailetak sortzeko tailerra antolatu dute. Horretarako, adinaren arabera, txandetan banatuko dituzte herritarrak: 10:30-12:00 bitartean elkartuko dira 2013-2016 urteen artean jaiotakoak, eta 2013 baino lehenago munduratutakoek 12:30etik 14:00etara izango dute hitzordua. Kultura Etxea bilakatuko dute sukaldaritzarako gune. Parte hartzeko, ordea, ezinbestekoa izango da udalera deitu eta izena ematea.

Amurrion, magia ikuskizuna

Amurrion aurpegiak margotzeko tailerra egongo da egun horretan, 17:00etatik 19:00etara bitartean San Anton plazan, Aspaltza elkartearen eskutik. 18:00etan ikuskizuna eskainiko du Tor magoak toki berean, eta 19:10ean Jerusalema ikuskizuna egongo da udaletxe aurrean.

Laudion, Ihes gela

Laudion, berriz, Gurasolagunek Ihes Gela (Scape rooma) egingo dute, baina Lamuza parkean barrena. Irteera puntua Kultura Etxea izango da. Alabaina, parte hartzeko apuntatzeko eskaera egin dute antolatzaileek, 607 673 744 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidalita. "Ez da ihes gela arrunta izango, Lamuza parkea izango da gure jolas-gunea. Bi taldetan banatuko gara eta gure helburua bertatik hanka egitea izango da. Gurasoek sakelakoa eramatea derrigorrezkoa da, QR irakurlearekin", zehaztu dute. 4-8 urte bitartekoei zuzenduta dago jarduera.

Urduñan, hiru eguneko ekintza sorta

Urduñan, azkenik, hiru eguneko jarduera andana eskainiko dute. Urriaren 29an, ostiralean, "Arimen gaueko mozorroen tailerra" antolatu dute, 18:30ean Alondegian. 

Arimen ibilbidea, dantzak, txokolate eta gaztain jana eta Deabru Beltzak taldearen ikuskizuna egongo dira 31n Urduñan

Biharamunean -urriak 30ean- aldiz, ipuin kontaketa tailerra eta film emanaldia gehituko diote mozorro tailerrari. 12:30ean hasiko da zapatuko egitaraua. 2 euroko prezioa izango dute aipatutako 2 ekintzek, eta urriaren 25 arte edukiko dute izena emateko epea zabalik. 

Dena den, urriaren 31n, igandean, pilatu dituzte ekitaldi berezienak: 13:00etan dantza poteoa egingo du Erauntsi taldeak, eta 18:30ean "Arimen ibilbidea" abiatuko da Foru Plazatik euskal musikaz girotua. 20:00etan, ostera, "Arimen gaueko dantzak" eskainiko dituzte plazan, txokolate janarekin eta gaztain erreekin batera. Jaki prestaketa Urduñako Guraso Elkarteek gidatuko dute.  Hala ere, programa ez da hor bukatuko, 21:00etan Deabru Beltzak taldearen su eta perkusio ikuskizunaren lekuko izango baita Foru Plaza.  Urduñako Udalak jakinarazi duenez, eguraldi txarra balego "eskolako patiora mugituko lirateke ekintzak".

Iaz, irudi koloretsuak utzi zituen urriko azken gauak:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide