Salbatore ondoan kokatutako Oletako landetan egingo du Aiaraldeko Gure Esku Dagok hurrengo ekimena. Urriaren 31 aukeratu dute horretarako, eta egun osoko egitaraua aurkeztu dute. Bailarako hainbat tokitatik abiatuko dira bertara, erabakitzeko eskubidearen alde.
Batetik, Amurrioko plazatik aterako dira, 9:00etan. Bestetik Etxaurrengo (Aiara) ermitatik 9:45ean abiatuko dira Oletako zelaira. Hala, 12:00etan elkartuko dira bertan, herri kirolak zein dantza-plazaz gozatzeko besteak beste.
Ekitaldi politikoaren ondotik, herri bazkaria egongo da. "Bazkari txartelak aurreko astean salduko dira 8 euroren truke, umeak dohainik izango badute ere". Horrez gain, Kateak Ate taldearen kontzertua aurreikusi dute. "Euria eginez gero, ekitaldi guztiak bertan behera geratuko dira", erantsi dute antolatzaileek.
"Aiaratik Euskal Herri osora, eta areago mundura, guk geuk geure geroaren jabe nahi dugula aldarrikatzeko. Geroa baitugu helburu, ez iragana. Etorkizuna guretzat askatasuna da, elkartasuna da, euskaraz eraikiko dugun geroa, zaharrekin gazte, nahiz gizonezko nahiz emakumezko, udazken kolore guztiekin beste udaberri baten asmotan", aurreratu dute.
2018ko maiatzean ere Oletako zelaia aukeratu zuen Aiaraldeko Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko:
Duela urtebete berriz itzuli ziren toki berera, erreferendumak zabaltzearen aldeko aldarriarekin: