Ekimena egin zuten atzo arratsaldean Aretako Eskolaren sarreran, Guraso Elkarteak deituta. Kartelada gauzatu zuten hainbat guraso eta umeren artean, ikastetxeko bidea garbi nahi dutela aldarrikatzeko. Salatu dutenez, bidea txakurren gorotzez beteta agertu da azkenaldian.
Orain dela denbora nahiko hasi ziren kexak. “Eskolako lorategia kakaleku bilakatu da eta azkenaldian bidean ere jaso gabeko gorotz ugari agertu dira”, azaldu dute gurasoek.
Udalari eman zioten gertatzen zenaren berri, eta bilera egin zuten. “Esan ziguten egin zezaketen bakarra kakak biltzeko zakarrontzi bat jartzea zela, eta gero guk jaberen bat ikusten bagenuen bere txakurraren kakak lurrean uzten udaltzainei deitu ahalko geniela”.
Ordutik hona giroa gehiago tenkatu da, Guraso Elkarteko kideen iritziz. “Jendeak jarrera berarekin jarraitzen du. Horregatik erabaki dugu ekimen hau egitea".
Haurren parte hartzearekin
Eskolako zuzendariarekin hitz egin zuten eta proposamen polita iruditu zitzaion. Horregatik erabaki zuten gaia eskolan ere lantzea. “Idazki bat prestatu genuen, umeek klasean irakurtzeko eta gaiaz hitz egiteko. Marrazkiak eta kartelak prestatu dituzte”.
Pozik daude egitasmoak izandako harrerarekin. “Ea orain zer nolako emaitza duen. Ea udalak zakarrontzia jartzen duen eta jendeak zer nolako jarrera erakusten duen horren aurrean”.
Argazkiak: Aretako Guraso Elkartea