Komunikabide batzuek argitaratutakoaren kontra, ELAk, CCOOk eta Independenteek Tubacex enpresako zuzendaritzarekin sinatutako akordioa ez dago zalantzan.
Zehazki, www.cronicavasca atariak argitaratu du artikulua, zeinean adierazten duen Garbiñe Biurrun epaileak bertan behera utzi duela bi aldeek sinatutako dokumentua.
Berez, Edu Ibernia Langile Batzordeko presidenteak argitu dio Aiaraldea Komunikabideari akordioa ez dela ezta epaileen eskuetara heldu eta, momentuz, sindikatuen zerbitzu juridikoak lanean ari direla Epaitegiko Aretoetako idazkariekin formula legal egokiena topatzeko -zentzu fiskalean zein eskubideen aldetik-. Beharginen ordezkariek nahi dituzte berme guztiak enpresa utzi nahi dutenentzat, zein euren lanpostuetara itzuli nahi dutenentzat, irteera boluntarioa onartu ostean.
Amorrua komunikabidearekin
Ez da lehen aldia komunikabide horrek ezinegona sortzen duena lan gatazka horren harira eta, bereziki, ELA oso haserre agertu da kazetariarekin. Edu Iberniak, Enpresa Batzordeko lehendakariak, hitz egin du testuaren egilearekin eta gezurra esatea leporatu dio, greban gertatu bezala.
Bere afiliatuei zabaldutako oharrean, ELAk jakinarazi du "azken orduetan agertutako albisteak, akordioa apurtu dela esaten dutenak, guztiz faltsuak eta asmo txarrekoak" direla.
Zentzu berean, CCOOk mezua bidali die bere kideei ziurtatzeko akordioa ez dagoela arriskuan eta une hauetan irteera boluntarioen zein berriro onartu behar diren langileen egoera homologatzen saiatzen ari direla. Halaber, "nahasgarritzat" jo dituzte agertutako albisteak.