Tubacexek 500 milioi euroko eskaera-zorroa du datozen hilabetetarako

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 29a, 13:40

2021eko lehenengo bederatzi hilabetetan 246 milioi euroko irabaziak izan ditu Tubacexek. / Aiaraldea.eus

Multinazionalak amaitutzat jo du 2020an abiatutako berregituraketa prozesua, nazioarteko langile kopurua %20 murriztea helburu zuena. Azken hiruhilekoan irabaziak handitu, eta datozen hilabeteetan 500 milioi euro fakturatzea aurreikusi du zuzendaritzak

Tubacexek urteko hirugarren hiruhileko emaitza ekonomikoak aurkeztu berri ditu. Duela hilabete batzuk Laudio eta Amurrioko lantegiak desagertzeko arriskuan zeudela iragarri arren, multinazionalak 84,5 milioi euroko irabaziak lortu ditu azken hiru hilabetetan aurreko hiruhileko salmentak %17,6 handituz, eta 500 milioi euroko eskaera-zorroa du datozen hilabetetarako. 

Multinazionalak 84, 5 milioi euroko irabaziak lortu ditu azken hiru hilabetetan aurreko hiruhileko salmentak %17,6 handituz

Grebak iraun bitartean ere taldeak irabaziak lortu ditu, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean aurkeztutako txostenen arabera. 2021eko lehenengo bederatzi hilabetetan 246,5 milioi euroko irabaziak izan ditu Tubacexek.

Iaz, epe berdinean, %36,8 gehiago fakturatu zituen. Jesus Esmoris kontseilari delegatuak, ordea, ez dio 236 egunez luzatu den greba mugagabeari aipamen zuzenik egin irabazien beherakada hori azaltzeko.

Zuzendaritzaren hitzetan, merkatuaren gaur egungo egoerak "epe ertain-luzean etorkizunari baikortasunez begiratzeko aukera" ematen dio multinazionalari. Azaldu dutenaren arabera, deskarbonizazio prozesuan eman beharreko urratsek markatuko dute agenda, eta, zentzu horretan Tubacexek paper garrantzitsua beteko duela aurreratu dute.

Berregituraketa

Multinazionalak amaitutzat jo du 2020an abiatutako berregituraketa prozesua. Tubacexek nazioarteko plantilla %20 murriztea zuen helburu, horrek eragin zuen Aiaraldeko fabriketan 129 langile kaleratu nahi izatea.

Arrakastatsutzat jo dute berregituraketa prozesua, eta adierazitakoaren arabera, gaur gaurkoz Aiaraldeko fabriketan bakarrik daude indarrean aldi baterako enplegua erregulatzeko espedienteak.

Jesus Esmorisek berak azaldu du berregituraketa horrek kostu finkoak 35 milioi eurotan murriztea ahalbidetu diola enpresari: "gure egiturazko lehiakortasuna handituz, eta hori ezinbestekoa da aurre egin behar diogun ingurune zorrotz honetan" nabarmendu du kontseilari delegatuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide