ANALISIA

Tubacexeko greba; batzuek kaltea ikusten duten lekuan, besteek harrotasuna eta duintasuna

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 1a, 12:00

Tubacexeko langileak, grebaren une batean. / Aiaraldea.eus

Arantxa Tapia sailburuaren ustez, Tubacexeko grebalariek egindako protesta luzeak Euskal Herriko ospea kaltetu du, baina galdera da nortzuen artean.

Atzo Arantxa Tapia Ekonomia Sailburuari egindako elkarrizketa argitaratu zuen Vocento taldeak eta Tubacexeko lan gatazkak tokia izan zuen solasaldian. Hain zuzen, Tapiak ziurtatu zuen eskualdeko grebalariek egindako lanuzteak ez duela soilik Aiaraldeko ospea kaltetu, baizik eta herrialde osokoa.

 

Dudarik gabe, sailburuak arrazoi handia dauka. Kontua da nortzuk ikusi duten arduraz eta larritasunez grebaren emaitza. Argi dago Aiaraldean, desadostasunak desadostasun, jende gehiena pozik dagoela kaleratzeak gelditu direlako eta eskualdeak eutsi diolako erronkari, grebalariei babesa emanda. Halaber, harrotasun puntua dago hainbat herritarren artean, oro har, benetako kaltetzat jotzen baitzen 129 lanpostu galtzea.

 

Ordea, tokiko zein nazioarteko enpresa eliteen artean hain protesta luzea amesgaizto moduan bizi izan da. Batzuek klase borroka lurperatutzat ematen zutenean, Euskal Herrian topatu dute munduko beste tokitan aurkitu ez dutena; langile antolatuak eta motibatuak eta euren aldeko babes soziala. Zehazki, Tubacexek ehunka behargin kale gorrian utzi ditu arazo berezirik gabe lurraldetan ezberdinetan, baina hemen ez da gai izan horretarako.

 

Ospea eta inbertsioa

Arantxa Tapiak ospearen kaltea aipatzen duenean, argi eta garbi, ez du herritarrei begira hitz egiten, baizik eta kapitalari erreparatuta. Izan ere, gaur egun eta hainbat krisialdi metatzen diren bitartean -energia, hornigaien eskasia...- kapitalak bilatzen du etekinak zukutzea ekoizpenean berriztagarria den elementu bakarrean: langileria.

 

Horretarako prekarizaioa -Tubacexen ezarri nahi zutena- da gakoa. Ondorioz, bide horretatik doan kapitala ez bada etortzen Euskal Herrira, zintzoki, ez da albiste txarra. Kontua ez da lana eskuratzea kosta ala kosta, baizik eta lanpostu horiek nahiko izatea bizitza duina gozatzeko. Zalantza izpirik gabe, Tapiak behin eta berriro aipatutako kapitalak ez du horrekin bat egiten.

 

Bestalde, “ospe txarraren” atzean dagoen mehatxua hainbat aldiz aipatu dute Tapiak eta Confebaskek, ezen langileek barneratu beharko luketela inbertsio berririk ez dela etorriko gurera eta Tubacexen egin bezala, dagoenari eutsi beharko litzaiokeela indar osoz.

 

Alegia, mehatxu hori etorri denerako -argudiatuta langileen soldatek lehiakortasuna kaltetzen dutela- eskualdeko desindustrializazioa nahiko aurreratua zegoen. Finean, ez dagoela ezer berririk.

Tokiko langileriaren erantzunarekin haserre, euskal enpresarien apustua da konpainiak multinazional bilakatzea. Horrek esan nahi du dirua eramatea legedia mesedegarriagoen bila eta sindikalismorik gabe

 

Multinazioalak made in EH

Tokiko langileriaren erantzunarekin haserre, euskal enpresarien apustua -Tapiak berak babestuta, atzoko elkarrizketan irakurri bezala- da konpainiak multinazional bilakatzea. Horrek esan nahi du dirua eramatea legedia mesedegarriagoen bila eta sindikalismorik gabe: Txina, Vietnam, India, Bangladesh... Horiek baitira kapitalarentzat merkatu erakargarrienak euren planak merkeago garatzeko. Herrialde horietan eraldatu nahi gara kapitala erakartzeko? Uste dut erantzun orokorra ezezkoa dela.

 

Baina badago multinazionalak sustatzeko beste arrazoi bat. Izan ere, Tubacexeko gatazkak erakutsi die enpresariei erosoagoa dela etsaiaren kontra neurtzea baldin eta hori urruti badago eta bere borrokaren oihartzuna ez bada entzuten -eta hori hedabideek nabarmen isildu dutela zalaparta-.

 

Euskal gizartearen ospe txarraren klitxea

Azken hilabeteetan euskal gizartearen fama txarra ustiatzea topikoa bilakatu da enpresa klasearen artean. Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak irailaren amaieran adierazi zion Vocentori ere ETAren erradikaltasuna ez dela desagertu gure artean eta tokiko zenbait gatazkatan islatzen zela -disimulu gutxirekin Tubacexeko greba aipatuta-.

 

Zubiaurreren elkarrizketan euskal sindikatuak bilakatu dira ETAren ordezkoak eta lekuz kanpoko erretorika hutsa bada ere, bide horretatik enpresariek lortuko duten gauza bakarra izango da erakunde armatuaren perzeptzioa positiboki aldatzea, Tubacexeko greba duintasun erakustaldia izan baita jende ugarirentzat.

 

Horretaz gain, ez da ahaztu behar Tubacexeko zuzendaritzak behin baino gehiagotan iradoki zuela grebak eraman zezakeela enpresa tokiko lantegiak ixtera. Jarrera hori mantendu zuten konpainiako arduradunek 100 egun baino gehiago, eta udan sartzean, mehatxu adierazpenak etsipen oihuak bilakatu ziren. Hain erradikala izan zen aldaketa, ezen Eusko Jaurlaritza irailean inplikatu baitzen behingoz serioki gatazkari konponbidea topatzeko. Ñabardura interesgarria: grebalarien aldarrikapenak ez ziren izan erakunde publikoa inplikatzeko arrazoia, baizik eta zuzendaritzaren malkoak.

 

Gauzak horrela, Tubacexeko zuzendaritzak hamaika aldiz errepikatu zuen kaleratzeak gauzatzea hil ala biziko erabakia zela, baina greba amaitu bezain pronto jakinarazi dute eskaera-zorroa biderkatu dela. Hau da, epaitegiek ebatzi bezala, Tubacexen ez zegoen inolako arazo estrukturalik eta arazo nagusia zuzendaritzaren diru gosea zen. Hori guztia ikusita, benetan izan dira grebalariek ospe txarra sortu dutenak?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide