Ehunka herritar atera ziren atzo eskualdeko kaleetara mozorrotuta, Arimen Gaua ospatzeko asmoz. Hainbat ekintza antolatu ziren ospakizun horren testuinguruan.
Laudion ostegunean ekin zioten prestaketa lanei, kalabazak atontzeko tailerra egin baitzuten Lamuza parkean. Atzo, ordea, Ellakuriko Basoa espazioan egin zituzten jarduerak. Arimen gauko kontakizuna plazaratu zuten, besteak beste.
Okondon, aldiz, frontoian egin zituzten ekintza guztiak. Partymanen diskofesta eta txokolatada egon ziren bertan.
Amurrion antzekoa izan zen dinamika: Tor magoaren ikuskizunaz eta aurpegi margoketa tailerraz gozatzeko aukera eskaini zuten San Anton plazan.
Urduñan hiru eguneko egitaraua gauzatu dute. Atzo arratsaldean 'Arimen ibilbidea' egin zuten hirian barrena. Ondoren, dantzak eskaini zituzten Erauntsi taldeko kideek, eta txokolatada egon zen bertaratutako guztientzat.
Arrankudiaga-Zollon, aldiz, dozenaka haur zein heldu atera ziren kalera, 'ziria edo saria' dinamikan parte hartzeko.
Eskualdeko gainontzeko udalerrietan ere jende ugari batu zen jai-girora.
Argazkiak: Naiara Otaola, Aimar Gutierrez, Ander Fernandez, Antonio Muñoz eta Txomin Egiluz