Aiaraldea Komunikabideak 'Indarkeria matxistaren aurka Aiaraldea dantzan' ekimena jarri du abian. Azaroak 15 arte egongo da izena emateko aukera zabalik.
Azaroak 15 arte egongo da izena emateko epea zabalik. Helburua emakumeen ahalduntzea sustatzea da, eta indarkeria matxista dantza bidez salatzea
Helburua, emakumeen ahalduntzea sustatzea da. Horretarako, dantza izango da salaketa bide, ahalduntzea eta indarkeria matxistaren aurkako mezuak dituzten abestiak erabili beharko baitituzte partaideek koreografia osatzeko. Horrez gain, euskara izan beharko da hizkuntza nagusi hautatutako musikan.
Eskualdeko dantza talde eta norbanakoei egin die dei Aiaraldea Komunikabideak ekimenean parte hartzeko. Dena dela, ez da parte hartzeko adin mugarik egongo. Eta, horrenbestez, librea izango da izen-emate eta parte hartzea:
Nola egin izen ematea?
Parte hartzeko, interesdunek mezua bidali beharko dute feminismoa@aiaraldea.eus helbidera azaroak 15 baino lehen, taldearen edo norbanakoaren izena eta kontakturako telefono bat helarazita. Hala, antolatzaileak eurekin jarriko dira harremanetan, grabaketa eta beste adosteko. Izan ere, Aiaraldea Komunikabideak bideoz grabatuko ditu lehiaketara aurkezteko lanak. Hain zuzen, bideo lehiaketa bidez erabakiko dira saridunak, Aiaraldea.eus atarian abenduaren 6tik 12ra abiatuko den bozketa sistema bidez.
Sari banaketa abenduaren 12an egingo da, 12:00etan Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Guztira bi sari egongo dira: boto gehien lortzen dituen lanak 300€ eskuratuko ditu, eta bigarren sailkatuak 200€. Egitasmoa antolatzeko Emakunderen diru-laguntza jaso du Aiaraldea Komunikabideak.