Aiaraldeko Euskararen Eguna ospatuko dute abenduaren 4an Luiaondon

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 4a, 19:15

Aurkezpena egin dute Luiaondon bertan. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak antolatuko du, Aiarako Udalaren eta Kuadrillaren, zein Luiaondoko Administrazio Batzarraren babesarekin. Adin anitzeko herritarrak erakartzeko egitaraua prestatuko dute 'Euskaraktibatu!' lemapean.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, Gentza Alamillo Aiarako alkateak, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak eta Maite Alonso Luiaondoko Administrazio Batzarreko presidenteak aurkeztu dute abenduaren 4an ospatuko den Aiaraldeko Euskararen Eguna. 

'Euskaraktibatu!' izango da ekitaldiaren leloa eta egun osoko egitaraua ekarriko du Luiaondora. "Eskaintza oparo prestatu dugu, laster ezagutzera emango dugun egitarau zabalarekin: musika, antzerkia, lehiaketak, bertsoak, jolasak, kirola, kultura... Elkarte eta eragile ezberdinekin elkarlanean arituko gara. Festa ereiteko baliatuko dugu, etorriko diren erronka berriei bide emanez eta energia bilduz" adierazi du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak.

Musika, antzerkia, bertsoak, kirola eta jolasak izango ditu Aiaraldeko Euskararen Eguneko egitarauak

Izan ere, iaz ospakizunik ez zuen prestatu erakundeak, baina denbora hori hausnarketara bideratu zuen: " Berrantolatu, gogoeta egin eta aurrera begira jarri gara. Gure elkartearen birsortzea eta euskaltzaleon ber-topaketa ospatu gura dugu; zubiak berreraikiz, komunitatea berrindartuz, interpelatuz eta aktibatuz". 

Erakunde publikoetako ordezkariek garrantzitsutzat jo dute ospakizuna euskararen erabilera sustatzeko eta eskualdea gorpuzteko.

Helburuak

Azken bi urteko etenaldiaren ondoren, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak ospakizuna antolatuko du komunitatea ehuntzen jarraitzeko, aho zapore ona uzteko eta herritarrak eta eragileak euskararen normalizazioan aktibatzeko. Hain zuzen ere, izango da 'Mintzatu, kontsumitu, inplikatu, EUSKARAKTIBATU! Aiaraldea' ekimenaren lelo osoa.

Horretarako, besteak beste,  herriko ostalaritzarekin eta merkataritzarekin aurre lanketa egiten ari dira, euskararen normalkuntzan pausoak emateko baliabideak eskaini eta bezeroak euskaraz kontsumitzera animatzeko bidea emanda.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide