Pandemiaren etenaldiaren ostean, bueltan da CEAR Euskadik antolaturiko "Bizilagunak" ekimena. Datorren azaroaren 14an, igandea, hainbat kultura eta jatorrietako familiek mahaia eta otordua elkarbanatuko dituzte "zurrumurru arrazistak eta xenofoboak isilarazteko eta kulturarteko bizikidetza sustatzeko" helburuarekin.
"Gero eta jende anitz gehiago ezagutu, gero eta gaitasun gehiago ditugu estereotipo eta aurreritzirik gabe erlazionatzeko", adierazi dute antolatzaileek. Hori da, hain zuzen ere, "Bizilagunak" egitasmoaren oinarrizko printzipioa. Horretarako, familiak bazkaria elkarbanatzera animatu nahi dituzte, "familia bera, elkar maite duten edozein pertsona talde bezala ulertuta".
Sukaldetik plazara
Etxe eta txokoetan elkartzeaz gain, herriko plazak ere hartuko dituzte aurten kulturartekotasunari ateak zabaltzeko. Laudion eta Amurrion, esaterako, ekitaldi irekiak antolatuko dituzte Zurrumurruen Aurkako Taldeek Herriko plazan eta Juan Urrutia plazan, hurrenez hurren.
Musikak girotuta, salda eta bestelako jakiak elkarbanatuko dituzte Laudion 12:00etatik aurrera. Horma-irudi dinamiko bat egingo dute, norberak arrazakeriaren aurkako mezuak idatz ditzan. Kirikiño taldeak haurrentzako jolasak prestatuko ditu eta, hitzorduari amaiera emateko, dantza emanaldi bat eskainiko dute. Antolatzaileek jakinarazi dute eguraldi txarra eginez gero Aldai plazara mugituko dituztela jarduerak.
Amurrion ere plazan elkarbanatuko dituzte kultura desberdinen jakiak. Antolatzaileek hainbat familietako 90 lagun inguru elkartzea aurreikusten dute. "Buffet librea egingo dugu plazako karpan bilduko ditugun jaki eta plater guztiekin", azaldu dute Amurrioko kideek. Haurrek Felix Pikatza arotzaren "Kalaka" egurrezko jolasekin dibertitzeko aukera izango dute gainera. Eguna borobiltzeko, Ilargiak musika taldeak erritmoa jarriko dio arratsaldeari.
"Testuinguru honetan, 'Bizilagunak' bezalako ekimenek berebiziko garrantzia dute, kulturaniztasun espazioak sustatzeko, zein herritar bezala diskriminazioaren aurka doan kulturarteko bizikidetzaren alde egiteko", azaldu dute CEAReko kideek. Egitasmoan parte hartzeko eta etxeko ateak parez pare irekitzeko interesa duen orok 688 800 337 telefonoan eman dezake izena.
2019an egin zen ekimenaren azken edizioa: