Grezian harrapatuta dauden errefuxiatuak laguntzeko ekimen berria abiatu du Zaporeak elkarteak eta elkartasun ahaleginak isla izango du Orozkon eta Amurrion. Errefuxiatuei janari duina ematea duen Gobernuz Kanpoko Erakundeak kanpaina berezia hasi du eta eskualdean izango ditu laguntzaileak. Berez, boluntario orozkoarrek eta Amurrio Skaut taldeak elkartasuna adierazteko aukera emango dute Zubiaur plazan ostiralean eta San Anton plazan, 17:00etatik 20:00ak arte.
Aiaraldetik Zaporeakek Martutenen duen biltegira eramango dituzte jasotako oinetakoak. Ondoren, Euskal Herrian gauzatzen ari diren kanpaina bukatu bezain pronto, Lesbos eta Atenasera bideratuko dute material guztia.
Botak, zapatak eta zapatilak jasoko dituzte ostiralean Greziako errefuxiatu kanpalekuetara bidaltzeko. Han bizi diren lagunek akanpatzeko dendetan bizi dira, ur bero edo berogailurik gabe, eta negua gainean dute.
Helena Ruiz de Azua elkarteko kideak nabarmendu du negu gorria dutela gainean Lesbosen eta Grezian harrapaturik dauden errefuxiatuek: "Gobernuak ez die ez ur berorik ezta berogailurik eskaini. Dendetan bizi dira eta hotza izugarria da eta hezurretaraino sartzen zaie. Testuinguru horretan, hango jendeak adierazi digu bereziki premiazkoa zaiela oinetako egokiak izatea".
Hain zuzen, zapatak, botak (edozein motakoak, uretakoak ere izan daitezke) edo zapatilak jasoko dituzte. "Sandaliak edo oinetako takoidunak ez dira egokiak inondik inora, landa eremuan bizi baitira errefuxiatuak negu gorrian", gaineratu du Ruiz de Azuak.
Diru ekarpenak ere onartuko dituzte
EAEn 20 hitzordu edota bilketa puntu baino gehiago egongo dira hurrengo egunetan oinetakoak lagatzeko. Zaporeakek uste du jende gehiagok eskainiko duela bere burua laguntzeko eta, horregatik, adierazi dute dirua ere ongi etorria izango dela.
Helena Ruiz de Azuak argitu du horniketa gabeziak direla medio, aurreikusitakoa baino garestiagoa izango dela bidalketa: "Kutxak jarriko ditugu herritarrek ekarpen ekonomikoa egin dezaten, horrela egin nahi badute".