Grezian harrapatuta dauden errefuxiatuak laguntzeko ekimena abiatu du Zaporeak elkarteak. Neguko oinetakoak bidaliko dituzte Atenas eta Lesboseko kanpamentuetara. Horretarako, oinetako bilketa antolatu zuten atzo, eta Aiaraldean ere isla izan du elkartasun olatuak.
Amurrioko Skaut Taldea: "Postua jarri orduko herritar ugari zeuden zain dozenaka oinetako lagatzeko asmoarekin"
Amurrion Skaut taldea arduratu da ekimena antolatzeaz. Atzo 17:00etan jarri zuten postua San Anton plazan. Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez, postua jarri orduko herritar ugari zeuden zain dozenaka oinetako lagatzeko asmoarekin. Ez da horrelako ekimen bat burutzen duten lehenengo aldia: duela hilabete batzuk pertsona errefuxiatuentzako arropa bilketa antolatu zuten; eta, orduko hartan ere, herritarren erantzuna eredugarria izan zela nabarmendu dute.
Orozkon ere erabateko arrakasta izan zuen Zaporeak elkarteak antolaturiko zitak. Boluntarioek Zubiaur plazan jarri zuten zapatak eta botak biltzeko gunea, eta aurreikuspen guztiak gainditu zituen deialdiak. "Espero baino askoz oinetako gehiago jaso ditugu, ekarri ditugun kutxak ez dira nahikoa izango guztiak biltzeko. Oso pozik gaude egitasmoaren harrerarekin" azaldu dute boluntarioek.
Orozkon oso pozik azaldu dira boluntarioak ekimenarekin, espero baino askoz oinetako gehiago jaso baitituzte
Orain, Zaporeakek Martutenen duen biltegira eramango dituzte jasotako oinetakoak. Ondoren, Euskal Herrian gauzatzen ari diren kanpaina bukatu bezain pronto, Lesbos eta Atenasera bideratuko dute material guztia.