Azken hilabeteetako aurreikuspen okerrak bete dira Aiaraldeko txakolindegietan. Bilketaren %98 egina daukate dagoeneko, eta jaitsiera nabarmena egon da eskuratutako mahats kopuruan, iaz baino %37,5 gutxiago bildu baitute, 449.319 kilo guztira. Arabako Txakolinako kideek gogorarazi dute 2020an 718.454 kilo jaso zituztela, eta kalitate aldetik ere “aparteko uzta” izan zela.
Gauzak hala, aurtengo jaitsiera “garrantzitsua” izan dela nabarmendu dute jatorrizko izendapeneko arduradunek, baina kalitatea oso ona izango dela aurreikusi dute. Urtarrilean egingo dituzte lehen aurre-dastatzeak, eta EHUko Zentzumen Laborategira eramango dituzte gero laginak, kalifikazio ofiziala eskuratzeko.
Hala ere, uzta-jasotzea baldintza onetan gauzatu ahal izan dute ekoizleek, urrian eurite bakan batzuk egon arren. Gauzak hala, inausketa faserako “motorrak berotzeari” ekin diote, mahastiak prest uzteko datorren urterako.