BIDEO KRONIKA

Garrastatxu: Baranbioko euskaldunen topaleku

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko aza. 18a, 17:26

Baranbioko Euskal Jaia ospatu zuten iragan larunbatean. Urtebeteko etenaldiaren ostean, bertso bazkariak, dantza-plazak eta euskarak hartu zuten Garrastatxu. Aiaraldea Komunikabidea  egitasmoaren sustatzaileekin elkartu zen, 24 urte bete dituen ospakizunaren iraganaz eta etorkizunaz mintzatzeko.

Pandemiak ezinezkoa egin zuen iazko edizioa ospatzea, baina bueltan dago dagoeneko Baranbioko Euskal Jaia. Iragan larunbatean -azaroak 13- dozenaka euskaldun elkartu ziren baseliza inguruetan, honezkero 24 urte bete dituen jai egunaz gozatzera.

Sustrai Colina eta Andoni Egaña bertsolariek girotu zuten herriko euskaldunen bazkaria, eta Patxi Perezen taldeak musika eta erritmoa jarri zizkion dantza-plazari. Jai eta dantza gosea agerikoa zen, eta eguneko egitarauak bertaratu zirenak asetu zituen.

Aiaraldea Komunikabideak Belen Ortueta, Montse Arteta, Pili Arteta, Lorena Zapatero, Alberto Alday eta Karmele Isasi elkartu zituen Garrastatxuko txokoko sutondoan. Eurak dira, beste askoren artean, Baranbioko Euskal Jaiaren sustatzaile eta antolatzaileak. Ekimenak babeslekua eskaini dio urte luzez euskarari Baranbion, eta herriko euskaldunzaharrentzako aterpea ere izan da.

Ilusioz begiratzen diote datorren urteko ospakizunari, Euskal Jaiak 25 urte beteko ditu eta. Une hobezina antolakuntzaren lekukoa Baranbioko belaunaldi gazteei pasatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide