BM Shop frankizian hauteskunde sindikalak egin dituzte eta emaitza arrakastatsuak izan ditu LAB sindikatuak. Laudion eta Amurrion langile batzorde berria sortzeko aukera izan dute, beharginen kopuruaren ondorioz, eta 3 ordezkaritik 5era igaro dira. Botoen %76arekin, LABek 4 toki eskuratu ditu batzordean eta bestea CCOOren esku geratu da.
Horri gehitu behar zaio enpresak badituela dendak Bilbon eta Ugaon eta horietan ere garaile izan dela LAB. "Zerrenda bakarra aurkeztu da Bizkaian, baina langile gehienek babestu dute, ia %85" argitu du Ludi Temiño sindikatuko kideak.
Laudion eta Amurrion ez ezik, Ugaon eta Bilbon ere lortu du LABek ordezkarien gehiengoa
Temiñok argitu du Berria Supermerkatua dela oraindik enpresaren jabea, nahiz eta BM Shop frankiziaren barruan egon.
Borroka luzea
Ludi Temiñok gogoratu du Berriak Supermerkatuetan urte luzez egon direla ordezkari sindikalik gabe: "baina duela 3 urte hasi ginen antolatzen eta emaitzak hobetu ditugu".
Temiñok aipatu du asko mobilizatu direla azken urteotan, baina beti izan dutela negoziatzeko jarrera: "soilik atera gara kalera enpresak akordiorik ez duenean nahi izan".
Zentzu horretan, BM Shopeko langileen kolektiboak euren zerrendak hautatzea esan nahi du egindako lana ontzat jotzen dutela, Temiñoren ustez.
Bide batez, LABeko kideak goraipatu du supermerkatuetako esparrua oso prekarioa dela: "Zaintza lanetan bezala, supermerkatuen sektoreko lan hitzarmena oso prekarioa da. Pandemiak argi utzi du gure lanaren beharra, baina lan kargaren igoerarekin gure egoera ez da hobetu. Gehiago lan egin behar dugu bitarteko berekin, oporrak hartzeko edo bajak betetzeko arazoak izaten jarraitzen dugu, enpresariek diru gehiago irabazi dezaten. Aiaraldeko egoera orokorra ez da onena, saltoki txikiak arriskuan daude".