Gaur zabaldu du euskal osasun sistema publikoak azken hiru egunetako txosten epidemiologikoa eta datuak positiboak dira udalerri askotan, baina ez hain onak bi herritan. Izan ere, Aiarak 4 kasu berri erregistratu zituen larunbatean eta egun berean Laudion 5 kutsatu berri detektatu zituzten. Amurrion eta Urduñan ere kasu bana topatu ditu Osakidetzak.
Azken positibo horien ondorioz, intzidentzia metatuaren tasa nabarmen igo da Aiaran zein Laudion. Aurreko olatuen langekin alderatuta, igoera ez litzateke arduratzeko modukoa izango (100.000 biztanleko 500 kasutan eta 400 kasutan jarri zituen Eusko Jaurlaritzak). Baina azaroan 150 kasutan ezarri dute muga, eremu gorrian sartu baino lehen. Langa hori igarota, neurri murriztaileak indarrean sartuko lirateke 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan. Gauzak horrela, Aiara jadanik 138,17an dago eta Laudio, aldiz, 103,54an.
Edonola ere, egoera orokorra eskualdean ez da txarra. Artziniega, Arakaldo, Okondo, Arrankudiaga eta Orozko zeroan daukate euren tasa. Aldiz, Amurrio 19,36an eta Urduña 47,25ean daude eta euren kopuruak ez dira aldatu azken astean.
Bestalde, epaileek ez dute baimendu Eusko Jaurlaritzak eskatutako neurria eta "COVID pasaportea" deituriko agiria ez dute eskatuko hainbat leku publikotan (jatetxeak, kontzertu aretoak...).