Hiltegia Ez Itxi! plataformak prentsa oharra zabaldu du adierazteko bere etsipena Laudioko udal hiltegiaren itxieraren harira. Taldeko kideak diren Jose Antonio Gorbea aiararrak eta Unai Ulibarri okondoarrak Arabako Batzar Nagusien Nekazaritza Batzordean parte hartu zuten ostegunean, eta salatu zuten azpiegitura horrek ez funtzionatzeak suposatzen duela tokiko ekoizleen zein harakinen etorkizuna kolokan jartzea.
Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egin du Hiltegia Ez Itxi! plataformak. URA eta Urbiderekin ere batu da
Halaber, Nekazaritza Diputatuari galdetu zioten instalazio bera irekitzeko asmoa ote dagoen ekimen pribatuaren bidez, baina ordezkariak ukatu zuen edozer berri izatea horri buruz.
URArekin bilera
Arabako erakundeekin ez ezik, URArekin ere batu da plataforma, eta Eusko Jaurlaritzako entitateak azaldu zien 2019tik ez dutela isurketa berririk erregistratu. Uraren kudeaketari lotuta ere, Urbide Arabako partzuergoarekin ere elkartu zen plataforma. Horri gehitu zion 2019an adostutako irtenbidea aproposa zela, inbertsio handiagorik behar izan gabe.
Elkarrizketa horien guztien ostean, Hiltegia Ez Itxi! osatzen duten eragile ekonomikoek honakoa ondorioztatu dute: "Pilota pasatzera eta euren ekintzen erantzukizunak ez onartzera jolasten diren bitartean, udal hiltegitik hornitzen ziren saltoki txikien eta lehenengo sektorearen egoera kritikoa da, eta ez du ematen konponbiderik dagoenik".