Tubacex enpresako ia 200 langilek ekarpen ekonomiko egin dute Cadizen greban dauden beharginei elkartasuna adierazteko. Horrela, 3.800 euro batu dituzte metalaren sektoreko protestak babesteko.
Asteburuan hasi ziren Aiaraldeko fabriketako langileak egitasmoa zabaltzen euren artean, eta gaur gauean joango dira Andaluziako hirira. Euren asmoa bihar eta etzi Cadizen egotea eta protestetak babestea da.
236 greba egun Aiaraldean, 8 jadanik Cadizen
Tubacexeko langileek 236 egun bete zituzten greban kaleratzeen eta prekarizazioaren kontra eta bide horretan hainbat tokitako behargin zein ekintzaileren elkartasuna jaso zuten. Greba amaitzean nabarmendu zuten jasotako laguntza guztia ez zutela ahaztuko, Erresistentzia Kutxako kideek bereziki.
Cadizeko metalaren sektorean dauden beharginek (enpresa txikietakoek, bereziki) duela 8 egun abiatu zuten lanuzte mugagabea. Protestek eragina izan dute hiriko hainbat puntutan eta istiluak poliziarekin arruntak bilakatu dira. Esaterako, gaur bertan egindako manifestazioan estatuko segurtasun indarrek pilotak eta gas-poteak baliatu dituzte.
Aiaraldean bezala, industria lanpostu ugari desgertu dira Cadizen eta prekarietatearen kontrako greba abiatu dute.
Zehazki, grebalariak lan hitzamen duina aldarrikatzen ari dira. Aintzat hartuta Kontsumo Prezioen Indizea izugarri igo dela aurten, soldata igotzea eskatu dute. Horrez gain, beharginen erakundeek salatu dute prekarietatea oso handia dela Cadizeko lantegi eta tailerretan eta lan hitzarmenak ez direla betetzen. Alegia, indarrean dauden protestak inflexio-puntua dira sindikatuentzat.
Izan ere, Cadizeko probintzian, esaterako, langabezia tasa %27an dago eta egiten diren kontratuen %94 behin behinekoak dira. Metalaren industriak 20.000 lanpostu baino gehiago mantentzen ditu lurralde horretan eta, Aiaraldean bezala, enpresa handien itxiera izan da joera historikoa 1980ko hamarkadatik hona. Duela 30 urte ontziolako enpresa ezagunenak desagertu ziren eta XXI. mendean autoetara lotuta zeudenak desagertzen joan dira.