AIARALDEA HEMEN

Euskararen Eguna, 'mozal legea' edota Emakume* Sortzaileen Azoka, hamabostekariko protagonista berriak

Erredakzioa 2021ko aza. 24a, 07:00
Euskararen Egunari buruzko gehigarri berezia dakar hamabostekariaren 152. zenbakiak. / Aiaraldea.eus

Kalean dago jadanik Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 152. zenbakia. Ohikoan bezala, orotariko gaiak lantzen ditu agerkariak, tartean Emakume* Sortzaileen Azoka, animalien aurkako erasoak edota mozal legea. Abenduaren 4an Luiaondon ospatuko den Euskararen Egunak ere pisu nabaria hartu du hamabostekarian. Gaiari lotutako gehigarri berezia aurkituko du irakurleak.

Gaur argitaratu da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 152. zenbakia. Erreportaje mamitsuak ditu agerkariak bere orrialdeen artean. Horien artean mozal legea bezala ezagutu den 2005/4 Herritarren Segurtasunerako Lege Organikoaren inguruko erreportajea lantzen du zenbaki berri honek. Izan ere, lege honen erreforma mahai-gainean dagoen honetan, eskualdean zer nolako eragina izan duen aztertu du Aiaraldea Komunikabideak, datu esanguratsu bat argitara ekarriz: guztira 2.177 aldiz ezarri dituztela zigorrak Aiaraldean lege horretan oinarrituta.

Animalia erasotuen gaiari ere heltzen dio hamabostekariak. Azken urte eta hilabetetan ugariak izan dira pozoiarekin, tranpekin edota suzko armekin erasotutako animaliak. Iragan azaroak 21ean SOS Aiaraldea ekimenak aurkeztutako "emergentziazko puntuen" inguruko erreportajea ere jasotzen du agerkariak.

Emakume* Sortzaileen Azoka

Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Bor-Bor feminismo lantaldeak Aiaraldeko Emakume* Sortzaileen azoka antolatu zuen azaroaren 20an, eta eskualdeko 14 sortzaile eta ekoizle bildu zituen Faktorian. 152. ale honek azokari buruzko argazki erreportaje zabala dakar, protagonisten bizipenekin.

Gehigarri berezia

Azkenik, abenduaren 4an Luiaondon Euskalgintza Kontseiluak antolatu duen Euskararen Egunaren inguruko gehigarri berezia aurkituko du irakurleak hamabostekarian. Egitarau zabala prestatu dute, eta gehigarriak eguneko kontu guzti horiek bildu ditu, Luiaondoko zita ahalik eta gehien zukutzeko.

Banaketa puntuak

Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, ikastetxe eta kaleetan. Honako banaketa puntu hauetan topatu daiteke, besteak beste:

  • Aldai plaza (Laudio)
  • Abasto plaza (Laudio)
  • Luiaondoko supermerkatua
  • Laudioko kiroldegia
  • Artziniegako frontoia
  • Atxetako Dia
  • Amurrioko Eroskia
  • Orozkoko frontoia
  • Urduñako supermerkatuak
  • Faktoria (Laudio)

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide